Hilero azken ostiralarekin egin ohi duten bezala, atzo ere, Azpeitiko Sareren deiari erantzunez, dozenaka lagun batu ziren plazan euskal presoen eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko. Ikasturteko azken ostirala izanda eta herriko festen atarian egonda, ordea, ukitu berezia eman zioten atzoko hitzorduari, eta elkarretaratzearen ostean parrillada egin zuten plazan bertan, musikaz lagunduta.
Saninazioetan ere presoen eskubideen aldeko borrokak eta haien senideekiko elkartasunak izango dute lekurik, eta dagoeneko ohitura bihurtu den gisan, Etxera jantokia jarriko dute Azoka Plazan. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean sabela betetzeko aukera izango dute herritarrek jantokian, 20:00etatik aurrera.