Eraso matxisten kontrako protokoloaren inguruko argibideak eman dituzte Haujijijaik eta Itaiak

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 27a, 13:27

Atzo arratsaldean Azoka Plazako aretoan egin zuten eraso matxisten kontrako protokoloaren aurkezpena. (Maialen Etxaniz)

Protokoloa txosnagunean eta zenbait tabernetan egongo da indarrean, eta martxan jartzeko telefono zenbakia honako hau da: 613 63 73 85. Festek iraun bitartean 24 orduz egongo da martxan. Horrez gain, erasoren baten lekuko izaten direnentzat edo erasoren bat jasaten dutenentzat hainbat gomendio eman ditu Itaiak.

Jai giroan eraso matxistak ugaritu egiten direla jakinda, eta horiei modu antolatuan aurre egiteak duen garrantziaz jabetuta, Haujijijaik eta Itaiak festetara begira landu duten eraso matxisten aurkako protokoloa aurkezteko eta haren inguruko argibideak emateko saioa egin zuten atzo arratsaldean. Txosnetan txandak egin behar dituzten herritar guztiei egin zieten aurkezpenera azaltzeko deia, eta goraino bete zuten Azoka Plazako aretoa.

Haujijijairen eta Itaiaren protokoloa txosnagunean eta zenbait tabernetan egongo da indarrean, eta protokoloa martxan jartzeko telefono zenbakia honako hau da: 613 63 73 85. Festek iraun bitartean 24 orduz egongo da martxan. 

Horrez gain, erasoren baten lekuko izaten direnei edo erasoren bat jasaten dutenei zuzendutako zenbait aholku ere eman ditu Itaiak. Hauek dira gomendioak: lesio fisikoei zein bestelako edozein frogari argazkiak ateratzeko; ez garbitzeko, ez dutxatzeko eta ez arropaz aldatzeko, ospitalera ahalik eta azkarren joateko eta han gertatutakoaren berri emateko, salaketa jartzerakoan froga gisa aurkezteko txostena egin dezaten; erasoaren lekukoen kontaktuak lortzen saiatzeko; erasotzailea ezaguna denean, indarkeria egoeraren froga izan daitezkeen mezu, bideo, argazki eta bestelakoak biltzeko; eta azkenik, eurekin harremanetan jartzeko, aholkularitza eta zerbitzuen inguruko informazioa emateko, akonpainamendua egiteko eta gertatutakoa publikoki salatzeko prest daudelako. 

 

Etxeratze kolektiboak

Beste festa batzuetan egin izan duten bezala, saninazioetarako ere etxeratze kolektiboak ere antolatu dituzte. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean egingo dituzte etxeratzeak. BM aurrean elkartuko dira, 00:30ean, 02:30ean eta 04:00etan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide