Ondo bustita bukatu dute marea arroxak harrapatu dituen umeek

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 27a, 20:00

280 haur eta gaztetxok eta dozenaka begiralek parte hartu dute Umeen Eguneko bazkarian eta ondorengo jolasetan. Batzuk bustiago eta besteak zikinago, baina denak primerako eguerdia eta arratsaldea pasatuta bueltatu dira gurasoengana.

Erraldoiek eta haiek ikustera bertaratutako herritarrek plaza libratu ahala, kamiseta arroxa soinean zuten dozenaka haur eta gaztetxo hasi dira han elkartzen. Umeen Eguneko bazkarira eta jolasetara izena emandakoak ziren, 280 ume denera, eta gaur haien zaintzaz arduratu diren begiraleak ere beste mordoxka bat bai.

Azoka Plazan egin dute bazkaria, 14:30ean hasita, eta makarroiak eta izozkia bukatzerako, jolasean hasteko gogoa nabari zitzaien gehienei. Lehen saioa herriko plazan bertan egin dute, eta elkar bustitzea izan da gakoa. Ondoren, taldetan banatu dira, eta alde zaharrean barrena sakabanatu, beste era bateko ekintzak egiteko. Sokatiran jardun dira batzuk, urarekin jolasean jarraitu dute beste batzuek, eta nor gehiago lokaztu izan da beste batzuen lehia.

Azkenik, etxera txukun samar azaltzeko intentzioarekin edo, Urola ibaian bainua hartu dute askok. Horrela, batzuk bustiago eta besteak zikinago, baina denak primerako eguerdia eta arratsaldea pasatuta bueltatu dira gurasoengana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide