Saninazioen atariko, jendez bete da plaza ETSren kontzertuarekin

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 28a, 11:46

Euri lanbroa egin zuen arren, jendetza elkartu zen bart Azpeitiko plazan En Tol Sarmientoren zuzenekoan. 

En Tol Sarmientok ireki du aurtengo festetako kontzertuen egitaraua. Saninazioen atariko, atzo gauean eskaini zuen ETSk kontzertua herriko plazan. Eszenatokiaren leku berria probatu duen lehen taldea izan da, eta aurtengo kontzertu eskaintza ireki duen aurrena. 22:30ean hasi zen emanaldia, eta ordurako jendetza zegoen plazan, zuzenekoa noiz hasiko. Euri lanbroa hasi zen kontzertuari ekin baino zertxobait lehenago, baina horrek ez zuen emanaldia zapuztu; izan ere, gogotik erantzun zuten plazan elkartutako adin guztietako herritarrek. 

Kantu zahar zein berriak eskaini zituzten ETSko musikariek, eta zaleen telefono mugikorretako argiek argiztatuta eskaini zituzten hainbat abesti. 

Datozen egunetan ere askotariko kontzertuak izango dira herrian, bai plazan, bai Olazko amaren plazan nahiz txosnagunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide