Hitzordu berezia izan da gaur eguerdian Olazko zelaietan. Dozenaka ikusle elkartu dira Artzaini Txakur Txapelketa ikusteko asmoz, saninazioen atarian egiten duten bigarren aldi honetan. Gogor jotzen zuen eguzkiak ordu horietan eta ikusleek inguruan zeuden itzal arrasto guztiak baliatu dituzte txapelketa ikusteko.
Sei artzain eta sei txakurrek hartu dute parte Artxate elkarteak Azpeitiko Udalaren laguntzaz antolatutako txapelketan. Besteak beste, Mendizabal erretegiaren eta Ibai Eder nekazal kooperatibaren laguntza ere izan dute antolatzaileek.
Mikel Pagazartundua eta Lai txakurrarentzat izan da txapela. Hauek amaitu dute sailkapenaren lehenengo postuan, 284 punturekin. Sei puntu eskasera gelditu dira aurreko urtean toki berdinean irabazi zuten artzaina eta txakurra, izan ere bigarrengo postua eskuratu dute Inaxio Etxeberria eta Missek. Hirugarren postua Manuel Gorriti eta Izarrentzat izan da, 208 eskuratuta.
Laugarrengo postua Juanjo Garate eta Bobek lortu dute, bosgarrena J. Ramon Azkargorta eta Batek eta seigarrena Inaxio Irakulo eta Beltz txakurrak.