Azken asteetan gure herrian Morante toreatzaile famatuaren aldeko margoketak agertu dira. Famatua diot, zeren, Morante de la Pueblak zeresana du inguruotan. Ikusi besterik ez dago zezenketen kartelean toreatzaile honen izena agertu izanak izan duen harrera. Dirudienez, Morante gaixotasun batek jota egon da azken hilabeteotan, eta zalantzan egon omen da etorri ala ez. Baina, gizontxoa prestu dago antza, berriz ere Azpeitiko zezen plaza betetzeko. Morante ez da toreatze soila ordea; aski ezaguna baita VOX alderdi faxistarekin daukan harremana, askotan ikusi izan baitugu alderdiko liderrekin argazkietan eta plazetan.
Ez dakit zehazki pintaketak egin dituenak zer bilatu nahi izan duen: Moranteri babesa erakustea, modu ironiko batean grazia egitea, herriko hainbaten erreakzio politikoa... Ez dakit Moranteren fazeta faxista ezagutzen zuen, edo gaixoaldiari aurre egitearen omenalditxorako egin dituen.
Dena den, zezenketak ez daude politikatik aparte eta horrelako espresioen aurrean adi egon beharko genuke. Futbola eta politika nahastuta dauden bezalaxe, zezenketak eta politika ere nahastuta daude. Argi geratu zen pasa den uztailaren 14an jokatu zen Eurokopako finalean zenbait hiritan partida ikusteko pantaila erraldoiak jarri zituztenean: espainolismoa sustatzen dutenei bidea ireki zioten. Bestetik, zezenketei dagokienez, Tuteran gertatu zena aipagarria da: Tuterako zezen plaza parean zenbait gazte Cara al Sol kantatzen eta "puta Euskal Herria" edo "a por ellos" bezalakoak oihukatzen.
Beste tokietan gertatzen den bezala, Azpeitiko zezenketak ere espainolismoaren eta joera erreakzionarioen sinbolo eta espazio bihurtu dira. Bertan, ideologia matxista, arrazista, klasista... bere egiten duen jende asko biltzen da. Denok dakigu zezenketek horrelako soziologia mugitzen dutela, baina horren aurrean beste aldera begiratu beharko al genuke?
Egia da jende bat zezenketetara intentzio zehatzik gabe joaten dela, baina sentsazioa daukat azken instantzian aurretik azaldu ditudan tendentzia politiko horiei bide ematen dietela espazio horiek. Eta bertaratzen den edonor ohartu daiteke horretaz. Fenomeno kezkagarria dela iruditzen zait; horrelako ideiei bidea irekitzen dien festa eredua al da nahi duguna? Onartu egin behar al dugu gure herrietan faxistak egotea?
Europako herrialde askotan azkar hedatzen ari da faxismoa, eta gure kasua ez da salbuespena, izan ere, hemen bertan geroz eta joera erradikalagoak ikusten ari gara: etorkinekiko kriminalizazioa, pobreekiko gorrotoa... Joera eta jarrera horiek sustatzen dituen jende asko eta asko bilduko da datozen egunetan Azpeitiko zezen plazan, VOXen zale deklaratuei txalo egiteko. Ez dakit pintaketa hutsal batzuk diren, baina faxista bat txalotzeko herriko zezen plaza betetzeak zer pentsatua eman beharko liguke.