Irakitan hasi dira festak

Mailo Oiarzabal eta Nerea Uranga 2024ko uzt. 30a, 12:54

Azoka Plazako ekoizleek udaletxeko balkoian piztutako suziria lehertuta hasi dituzte saninazioak Azpeitian. Plaza jendez eta arrosa kolorez bete da, baina itzalguneak eta abanikoak izan dira estimatuenak. Abuztuaren 2ra arte festak ez du etenik izango.

Uztailaren 30eko eguerdian, hutsik egin gabe, zeharkatu du gaur ere Azpeitiko plazaren zerua saninazioen hasiera iragarri duen suziriak. Udaletxeko balkoian Azoka Plazako ekoizleak izan dira protagonista, hain zuzen ere, Ioritz Igarataundi Sakonakoak piztu du suziria ekoizle guztien izenean. Txupinazoaren aurretik hitza hartu dute Igarataundik eta Enparangaingo Leire Agirrek; Azoka Plazako ekoizle guztien izenean eskerrak eman dituzte eta festak ondo pasatzea opatu diete herritar guztiei. Segidan, Nagore Alkortak hartu du hitza, eta txupinazoa bota duten ekoizleak ez ezik, isileko lanetan aritzen direnak izan ditu gogoan alkateak: festak antolatzen parte hartzen duten hainbat eragile, festetan ere etxeetan lanean aritzen direnak, iaz txupinazoa bota zuten zaintzaileak... Era berean, azokako ekoizleena itzulita, gogoratu du Gernika azoka egun batez bonbardatu zutela, eta horrekin lotuta Palestinari aipamena egin dio.

Plazan, berriz, txupinazoaren zain, plazaren bueltako eta kale izkinetako itzaluneetan pilatu dira hasieran herritar gehienak, eguzki izpiei iskin eginez. Beroari ihes egitea ezinezkoa zen, hala ere. Arrosa kolorea nagusi izan da gaur ere San Inazio bezperaz, baina izan da ia-ia itzal egin dion beste elementu bat: abanikoa. Gehienak arrosak izan dira, baina kolore guztietakoek balio izan dute gaurkoan.

Kioskoaren aurrea Musika Bandarentzat izan da beste behin, eta suziria lehertu orduko, bandak eta Sakapaie elektrotxarangako kideek Marea Arroxaren abestiarekin girotu dute jendez betetako plaza, Felipe Murillok eta Skapaieko kideek kioskoan abesten zuten bitartean. Ekitaldia bukatuta kalejiran abiatu dira Azpeitiko erraldoiak eta buruhandiak Arrasateko dultzainariekin batera, Izarraitz txistulari taldekoak eta Musika Banda. Eta plaza ia hustuta, Skapaiekoek kiosko aurrean ekin diote beren saioari.

Egitaraua

San Inazio bezperako eguna eta gaua luzeak izango dira oraindik: herri bazkaria, txosnagurean irekiera eta jolasak, bigantxak, hainbat musika emanaldi eta ikuskizun eta kirol ekitaldiak.

- 15:00. Herri bazkaria, plazan.
- 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak, txosnetan.
- 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat. Ganadutegia: Arno. Done Jakue kalean.
- 18:00. Go!azen karaokea, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 18:30. Profesionalen pala partidak. Izarraitz pilotalekuan.
- 19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan. Azpeitiko Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak Julian Barrenetxearen Arratseko Otoitza eta Salbea abestuko dituzte, Itziar Urbieta organo jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta.
- 19:00. Los Incansables txarangaren kalejira
- 19:00-01:00. Oihan Vega eta Davila DJak, plazan.
- 19:30. Soka airean-slackline ikuskizuna, liburutegiaren aurrean.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
- 22:00. Tapia eta Leturia, Olazko Andre Mariaren Plazan.
- 22:00. Kontzertua: Frigo taldea, txosnetan.
- 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana su etxearekin, Izarraitz parkean.
- 23:30. Balantza erromeria, txosnetan.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide