Beroak ez du herritarren festa gosea zapuztu

Nerea Uranga eta Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 30a, 20:26

Eguerdian herri bazkaria egin dute plazan, eta ondoren, 17:00etan txosnagunea ireki dutenetik, adin eta gustu guztietako herritarrentzat moduko ekintzak eta ekitaldiak izan dira kalean. Jende asko erakarri dute haietako gehienek.

Saninazioak abanikoak astinduz hasi dituzte azpeitiarrek, eta oraindik ere hala jarraitzen dute, herri bazkariaren garaian izan diren trumoi hotsei eta euri tantei atzera berehala gain hartu dielako eguzkiak, eta arratsalde guztian ez duelako atsedenik eman. Hala ere, beroak ez du jendearen festarako gogorik erre, eta egitarauan zetozen ekintza eta ekitaldi guzti-guztiak gauzatu dituzte, ondo gauzatu ere, jende asko erakarri baitute ekitaldirik gehienek.

15:00etan hasita, herri bazkaria egin dute plazan, eta ondoren, 17:00etan txosnagunearen irekierarekin eta urteroko jolasekin ekin diete arratsaldeko jarduerei. Beroari aurre eginez, aulki jokoan, elkarri puxikak lehertzen eta abar jolastu dira ausartenak, eta itzaletik haiei begira egon dira gainerakoak.

Batzuk txosnagunean zeuden bitartean, beste hainbat Done Jakue kalean pilatu dira, 16 urtetik gorakoentzat bigantxak atera baitituzte han. Txikiagoek, berriz, Olazko Andre Mariaren Plazan izan dute galdu ezinezko hitzordua: Go!azken karaokea. Han ere jende asko elkartu da.

Kanpoko berotik ihesi Izarraitz pilotalekuan aterpe hartu duenik ere izan da, profesionalen pala partidak ikusteko. Eta liburutegi pareko zubian jendetza batu duena Soka airean slackline ikuskizuna izan da; Urola ibaiaren ertz batetik bestera jarritako sokaren gainean ibili dira Oreka taldeko kideak. Arratsaldearen amaieran plaza dutenak, berriz, Oihan Vega eta Davila DJak izan dira; 01:00ak arte jarraituko dute musika jartzen.

Hor ez da bukatzen gaurko festa egitaraua. Hona hemen datozen orduek ekarriko dutena:

- 22:00. Tapia eta Leturia Banden kontzertua, Olazko Andre Mariaren Plazan.
- 22:00. Frigo taldearen kontzertua, txosnetan.
- 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana su etxearekin, Izarraitz parkean.
- 23:30. Balantza taldearekin erromeria, txosnetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide