Bezpera bezalaxe, bero hasi da San Inazio eguna ere. Bezperako festako arrastoak oraindik ere kalean zebiltzala, herritarrak kalera atera dira goizetik eguerdira arteko ekitaldietan parte hartzeko. 09:30 alderako goiz eresiarekin kaleak girotu dituzte Udal Musika Bandak, Arrasateko gaiteroek eta Izarraitz txistulari taldekoek. Gero, 10:00ak ondo jota zirela Musika Bandakoekin eta Izarraitz txistulari taldekoekin udal ordezkariak kalejiran joan dira plazatik irtenda eta Elizkaletik igarota parrokiara. Hain zuzen, Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga alkateordeak nahiz EAJko zinegotziek parte hartu dute korporazioan.
Behin parrokiara iritsita, hainbat herritar zeuden elizaren atarian bilduta prozesioa hasteko zain, eta San Inazioren zein Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak atera dituzte parrokiatik; ohi bezala, bi irudiak loiolatarrek eraman dituzte. Prozesioa Alde Zaharreko kaleetan egin dute hainbat lagun eliztarrek, Fernando Prado Donostiako gotzainak, Kepa Susperregi erretoreak eta Jesusen Lagundiko hainbat apaizek, eta gero horiek berriro parrokiara itzuli dira, mezara. Elizkizunean Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako kideek Altunaren Meza abestu dute, Javier Alberdiren gidaritzapean, eta Ignacio Arakistain arduratu da organoa jotzeaz.
Ekitaldi instituzionalak eta elizkizunak ez dira izango, baina, San Inazio eguneko egitasmo bakarrak. Bigantxak ere izan dira eguerdian Done Jakue kalean, eta ondoren, Udal Musika Bandak kontzertua eskaini du Sanagustin kulturgunean. Arratsaldean, berriz, gaztetxoentzako apar festa eta musika disko jolasak, bigantxak 16 urtetik gorakoentzako, Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia, saninazioetako lehen zezenketa eta abar izango dira, eta gauean musikaren txanda izango da; besteak beste, The Clayton, Izaro, Trini Fox eta Rekiem taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Gainera, su festak ere izango dira Zaragozana su etxearen eskutik.
Hemen gaur arratsaldeko eta gaueko festa egitaraua:
- 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean. Ganadutegia: Ibiri.
- 17:30. Apar festa eta musika jolasak, Balentina Agirre plazan.
- 17:30-18:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean. Oinatz animalista elkarteak deituta.
- 18:30. Zezenketa, Zezen Plazan.
- 18:30. Tio Teronen Haurreskolari dantza ikuskizuna, plazan.
- 19:00. Oria txarangaren kalejira, Landeta auzotik hasita.
- 19:00. Poteo musikatua, Alde Zaharrean.
- 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
- 22:00. Kontzertua: The Clayton taldea, txosnetan.
- 22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 23:00. Suzko erroberak. Zaragozana su etxea. Izarraitz parkean.
- 23:30. Kontzertua: Izaro. Plazan.
- 01:00. Kontzertua: Trini Fox. Txosnetan.
- 02:30. Kontzertua: Rekiem. Txosnetan.