Imanol Pradales lehendakaria Loiolan izango da bihar, San Inazio bigarreneko ekitaldietan

Nerea Uranga 2024ko uzt. 31a, 16:27

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Azpeitiko Udaleko hautetsiek harrera egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei 10:30ean, Loiolako basilikaren aurrean. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia ere Loiolara joatekoak dira.

Ohi bezala, bihar, San Inazio bigarrenez meza izango da Loiolako basilikan, eta elizkizunaren aurretik ohikoa denez, Azpeitiko Udaleko agintari politikoek harrera egingo diete Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Eusko Jaurlaritzako ordezkariei. Jaurlaritzak baieztatu du Imanol Pradales lehendakariak Loiolan egingo diren ekitaldi instituzionalean nahiz elizkizunean parte hartuko duela. Estreinakoz izango da Pradales ekitaldi horietan. Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Batzar Nagusietako ordezkaritza ere izango da Loiolan; besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia.

Duela urte batzuetara arte harrera ekitaldi hori udaletxearen aurrean, plazan, egiten zuten, baina orain Loiolan egiten dute; beraz, bihar han elkartuko dira erakundeetako ordezkariak 10:30ean. Meza nagusia, berriz, 11:00etan hasiko da Fernando Prado Donostiako gotzaina buru dela. Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, Itziar Urbieta organistak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide