San Inazio egunean eta festa giroan murgilduta jarraitzen du Azpeitiak. Ekitaldi instituzionalak eta elizkizunak izan dira goizean, baina arratsaldean ere izan da zertaz gozatua. Gaztetxoentzako apar festa eta musika disko jolasak egin dituzte beroari aurre egiteko Balentina Agirre plazan, eta bien bitartean, bigantxekin jolasean aritu dira 16 urtetik gorakoak Done Jakue kalean. Segidan, herriko plazan, Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia izan da; zehazki, Haurreskolari dantza ikuskizuna eskaini dute. Horrez gainera, Haujijijaik antolatuta parrillada egin dute gazteek plazako txosnaren aldamenean.
Era berean, saninazioetako lehen zezenketa egin dute zezen plazan, eta Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega toreatzaileek Loreto Charro ganadutegiko zezenak toreatu dituzte. Gainera, Luqueri iazko toreatzaile onenaren garaikurra eman dio Iñaki Olaizola Zortziko taldeko presidenteak. Bestalde, ekitaldia hasi aurretik, zezenketen kontrako elkarretaratzea egin dute Oinatz talde animalistako kideek zezen plazaren kanpoaldean.
Gauean, musikaren txanda izango da; besteak beste, The Clayton, Izaro, Trini Fox eta Rekiem taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Profesionalen pilota partidak ere izango dira Izarraitz pilotalekuan, 22:30ean hasita. Lehen neurketan, Agirre eta Ugartemendia Alberdi II.aren eta Eskirozen aurka ariko dira, eta bigarrenean, berriz, Artola eta Mariezkurrena II.a Lasoren eta Albisuren kontra. Gainera, su festak izango dira Zaragozana su etxearen eskutik.
Hona hemen gaueko ekintzen egitaraua:
- 22:00. Kontzertua: The Clayton taldea, txosnetan.
- 22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 23:00. Su festak. Zaragozana su etxea. Izarraitz parkean.
- 23:30. Kontzertua: Izaro. Plazan.
- 01:00. Kontzertua: Trini Fox. Txosnetan.
- 02:30. Kontzertua: Rekiem. Txosnetan.