Musika, pilota eta suak, San Inazio eguna ixteko

Andoni Elduaien 2024ko abu. 1a, 10:35

Kontzertu jendetsua eskaini zuen Izarok herriko plazan, eta txosnagunerako antolatutako hiru emanaldietan ere musikazale ugari elkartu zen. Zaragozana su etxearen su festek eta pilota partidek osatu zuten atzo gaueko jai egitaraua.

San Inazio eguna igarota, jaien azken aurreko egunean murgilduko da gaur Azpeitia. Atzo gauean ere musikaren txanda izan zen, nola herriko plaza nagusian hala txosnagunean; besteak beste, The Clayton, Izaro, Trini Fox eta Rekiem taldeek eskaini zuten kontzertua han eta emanaldi guztietan ere jende pila bat bildu zen, bereziki Izaro mallabiarraren kontzertuan.

Izarraitz pilotalekuan, bestalde, profesionalen pilota partidak ere izan ziren, 22:30ean hasita. Lehen neurketan, Agirre eta Ugartemendia Alberdi II.a pilotari azpeitiarraren eta Eskirozen aurka aritu ziren, eta Agirrek eta Ugartemendiak osatutako bikote gorria nagusitu zen 22 eta 13. Masters Caixabank udako binakako pilota txapelketari zegokion partidan, berriz, Artolak eta Mariezkurrena II.ak 22 eta 18 irabazi zuten Lasoren eta Albisuren kontra. Gainera, su festak ere  izan ziren Zaragozana su etxearen eskutik, eta herriko zirrikitu guztietan pilatu zen jendea haien hotsak eta kolore argitsuak ikusteko.

Gaur, osteguna, izango jaietako azken eguna. Hona hemen egitaraua: 

Abuztuak 1, osteguna. San Inazio bigarrena.
- 10:30. Herriko agintariek ongietorria Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideei, Loiolan.
- 11:00. Meza nagusia, Loiolako basilikan.
- 11:00. 13. Bakailao Txapelketa, plazan.
- 12:00. Bankako menditarrak, plazan.
- 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa, zezen zlazan.
- 15:00. Bakailao jana.
- 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat. Done Jakue kalean. Ganadutegia: Arno.
- 18:00. Kuadrillen Arteko I. Olinpiadak, Alde Zaharrean.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 19:00. Burbuilen jaia, Olazko Andre Mariaren Plazan.
- 19:00. Los Pasai txaranga.
- 19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
- 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
- 22:00. Burbuila magikoen ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren Plazan.
- 22:00. Kontzertua: Balloon Frame taldea, txosnetan.
- 23:30. Kontzertua: Zetak, plazan.
- 01:00. Kontzertua: Tatta & Denso, txosnetan.
- 02:30. Kontzertua: Kaparrak taldea, txosnetan.
- Ondoren, Atenenas DJa, txosnetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide