Arantxa Olazabalen eta Maritxu Arteagaren bakailaoa, goxoena

Intza Trula 2024ko abu. 1a, 14:30

Gaur, goizetik hasi eta eguerdira bitartean, jokatu dute XIII. Bakailao Txapelketa Azpeitiko plazan, San Inazio bigarrenez. Lagunarteko pikeak sortu badira ere, giro ona izan da nagusi lehia osoan zehar.

Egindako lanak saria dakarrela diote, eta horrela izan da gaur Arantxa Olazabalentzat eta Maritxu Arteagarentzat; izan ere, urte luzez txapelketan parte hartu ostean, lehen postua eskuratu dute gaur Olazabalek eta Arteagak XIII. Bakailao Txapelketan. Gaur goizean, 11:00etan hasita, jokatu dute lehia Azpeitiko plazan, San Inazio bigarrenez. Bakailaoa ez ezik, aldarte bikaina izan da protagonista plazan.

Guztira, 26 bikotek parte hartu dute sariketan –horietako hiru elkarteak izan dira–; batzuek familiako kideren batekin osatu dute bikoa, eta beste batzuek lagunarekin egin dute. Bigarren postua Maite Ulaziarentzat eta Aner Kerejetarentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Aritz Aizpitarte eta Juan Inazio Aizpitarterentzat. Elkarteen saria, berriz, Loiolatxoko Aitor Eizagirrek, Joseba Larrañagak eta Jon Odriozolak jaso dute.

Epaimahaiak kontatu duenez, lehia "estua" izan da gaur Azpeitiko plazan jokatutakoa, eta "asko eztabaidatu" dute irabazlea izendatu aurretik.

12:00etatik aurrera, Bankako Menditarrak taldeak girotu dute plaza, jendaurrean jo dituzten abestiekin.

XIII. Bakailao Txapelketaren aurretik, ekitaldi instituzionalek eta elizkizunek bat egin dute Loiolan. Azpeitiko Udaleko hautetsi guztiek –bai EH Bildukoek eta bai EAJkoek– harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politikoei.

Honakoa da datozen orduetarako egitaraua:

  • 15:00. Bakailao jana.
  • 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat. Done Jakue kalean. Ganadutegia: Arno.
  • 17:30-18:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean. Oinatz animalista elkarteak deituta.
  • 18:00. Kuadrillen Arteko I. Olinpiadak, Alde Zaharrean.
  • 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
  • 19:00. Burbuilen jaia, Olazko Andre Mariaren Plazan.
  • 19:00. Los Pasai txaranga.
  • 19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
  • 22:00. Burbuila magikoen ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren Plazan. -
  • 22:00. Kontzertua: Balloon Frame taldea. Txosnetan.
  • 23:30. Kontzertua: Zetak, plazan.
  • 01:00. Kontzertua: Tatta & Denso, txosnetan.
  • 02:30. Kontzertua: Kaparrak taldea, txosnetan.
  • Ondoren, Atenenas DJa, txosnetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide