Agurra ere festan eta blai

Andoni Elduaien - Ihintza Elustondo 2024ko abu. 2a, 09:06

Hiru egunez festa giroan murgilduta egon ostean, oraindik indarrei eusten zietenak Done Jakue kalean elkartu dira goizean. Incansables txarangak nekaezin ziren herritarrak elkartu ditu tabernak ixtean, eta Astearte Karnabal goizeko irudia gogorarazi duen kalejira egin dute Alde Zaharrean. Ondoren, bigantxak izan dira.

San Inazioak iritsi dira azken hondarrera. Hiru egunez festa giroan murgilduta egon ostean, oraindik indarrei eusten zietenak Done Jakue kalean elkartu dira goizean. Batzuk oraindik tragoak eskuan eta dantzarako gogoz, aho zabalka eta azkenak ematen besteak, juntadizo polita izan da 07:00 aldean. Incansables txarangak nekaezin ziren herritarrak elkartu ditu tabernak ixtean, eta Astearte Karnabal goizeko irudia gogorarazi duen kalejira egin dute Alde Zaharrean. Ondoren, 07:00etatik aurrera, bigantxak izan dira Done Jakueko zezen plaza itxurako gunean. Ausart ibili dira bat baino gehiago animalien aurrean, eta bateren batek Gurutze Gorrikoen laguntza ere behar izan du.

Horrenbestez, goizeko euri-lanbro artean, itzaltzeko itxurarik ez zuen festa giro betean esan diete agur hainbat herritarrek saninazioei. Dena den, gaur goizaldekoa festen amaierarekin lotzen den hitzordua izanagatik, eguerdi-arratsaldean izango dira jaietako azken ekintzak. Hona hemen egitaraua:

- 12:30. Arratsaldeko zezenketarako zezenen aukeraketa, Zezen Plazan.
- 17:30-18:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean. Oinatz animalista elkarteak deituta.
- 18:30. Zezenketa, Zezen Plazan.
- 19:00. Deiadar txaranga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide