Etxeko altxorrak hobeto ezagutzen

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 7a, 10:01

Urola Turismoak abuzturako antolatu duen bisita gidatu sailaren lehen saioa egin zuten atzo arratsaldean Loiolan. Hemeretzi lagunek eman zuten izena basilika eta San Ignazioren etxea ezagutzeko bisitarako; Azpeitikoak eta gertukoak ziren gehienak. Gaur, bisita beraren beste saio bat egingo dute, 11:00etan.

Urola Turismoak hamabi bisita gidatu eskainiko ditu datozen asteetan, Loiola eta Alde Zaharra ezagutzeko. Atzo arratsaldean egin zuten horietako lehendabizikoa. Hemeretzi lagunek eman zuten izena Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea izeneko bisita egiteko. Gehien-gehienak azpeitiarrak edo gertuko herrietakoak ziren eta euskaraz egin zuten bisita, Ander Ugarte gidari zutela. Izan ere, Urola Turismoak eskaintzen dituen bisita gidatu guztiak doakoak dira, baina horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea, eta izena ematerakoan adieraz dezakete bisitariek bisita zer hizkuntzatan egin nahi duten.

Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea izeneko bisita gidatuare zortzi saio programatu dituzte guztira. Atzo lehendabizikoa osatuta, gaur 11:00etan egingo dute bigarrena dagoeneko izena eman dutenek. Datozen asteetako bisitetan parte hartu nahi dutenek, berriz, Whatsappez 688 75 94 29 zenbakira mezua bidali, telefonoz 943-15 18 78 zenbakira deitu edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera idatzi beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide