Irailaren 7an jokatuko dute zezen plazan VII. Euskal Pentatloiaren kanporaketa

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 10a, 11:00

Julen KaƱamaren eta Xabier Zaldua Izeta VI.a zoriontzen, iazko kanporaketaren amaieran. (Ibon Errazu)

Hamabi kirolari lehiatuko dira finalerako txartelaren bila. Azken hiru urteetako txapelduna, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, eta iazko beste bost finalistak tartean izango dira.

Herri kirolen gune bihurtuko da aurten ere irailean Azpeitiko zezen plaza, Euskal Pentatloiaren eskutik. Zazpigarren aldia beteko du aurten 2018an berreskuratutako kirol lehiaren banakako sariketa nagusiak, eta aurreko aldi guztietan bezala, Azpeitian jokatuko dute.

Lehen hitzordua aste honetan jakinarazi dute antolatzaileek: gizonen kanporaketa. Irailaren 7an, zapatua, 18:30ean hasita, hamabi kirolari lehiatuko dira zezen plazan finalerako txartel bila. Iazko sei finalistak, azken hiru edizioetan txapela jantzi duen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a buru dutela, eta joan den ekainean bigarren mailako II. Euskal Pentatloia jokatu zuten hainbat kirolari ageri dira zerrendan. Hauek dira irailaren 7ko kanporaketarako izena eman dutenak: Izeta VI.a, Xabier Zaldua, Xabat Olaizola, Ioritz Gisasola, Aritz Irazabal, Julen Kañamares, Beñat Amade, Ander Altuna, Beñat Telleria, Daniel España, Jon Bengoetxea eta Iker Goldarazena. Sei onenak igaroko dira finalera.

2023ko kanporaketan, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarrak 1983ko pentatloiaren kanporaketan ezarritako marka hautsi zuen Izeta VI.ak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide