"Nire lagunak etortzen ziren Xoxotera, ni inoiz ez. Etxetik ikusten dut Xoxote. Gogo asko neukan etortzeko eta pozik nago lortu dudalako". Iren Reyes azpeitiarra DA Duchenne udalekuetan parte hartzen ari da egunotan, beste hamahiru ume eta gaztetxorekin batera. Bere ama Veronica Reyesen ekimenetik abiatuta antolatu duten egitasmoaren barruan, Loiolako Santutegiko aterpetxetik Xoxotera igo dira azpeitiarra eta udalekuetako beste 11 kide, haien familiak eta 70 bat boluntario (60 umeak garraiatzeko aulki bereziak eramateko, eta 11 ibilgailu gidari).
Etxeko terrazatik ikusten duen San Inazioren estatuaraino joan ahal izan da gaur azpeitiarra, etxekoekin, lagunekin eta Duchenne gaitzaren kololre adierazgarriarekin, gorriz, jantzitako dozenaka pertsonaz inguratuta. Xoxoten hamaiketakoa egin dute guztiek, argazki jendetsua ere atera dute, eta haietako askok Ikasberri ikastolako gimnasioan jarraitu dute eguna, elkarrekin bazkalduz. Arratsaldean musika emanaldia ere izango dute, eguna borobiltzeko.
Gukak bideoan jaso du Xoxoteko gaur goizeko irteera, eta bihar webgune honetan ikusgai izango da bideoa.