Goizaldean Bilbon izan den hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu Itaiak datozen egunetarako, eta Azpeitian bihar —ostirala— egingo dute mobilizazioa. 19:00etan elkartuko dira herriko plazan, "erasoa salatzeko eta indarkeria matxistaren aurka antolatzearen beharra azpimarratzeko".
Emakume bat hil dute bart Bilbon, eta haren bikotekidea atxilotu du Ertzaintzak, hiltzailea delakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan izan da hilketa. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara jo dute etxebizitzan oihuak entzuten zirelako, eta zerbitzuok iritsi direnean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute. Lekuan bertan hil da, zaurien ondorioz. Biktimak 31 urte zituen, eta haren bikotekideak 34 urte ditu.