Ostegun goizaldean Bilboko Santutxu auzoan izan zen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu zuen Itaiak atzo arratsalderako hainbat herritan; tartean, Azpeitian. Dozenaka herritar izan ziren atzo herriko plazan bildu zirenak Itaiak deitutako mobilizaziora, eta Hilketa matxista orori aurre egin lelopean egin zuten protesta.
Herenegungo hilketa salatzeaz gainera, Itaiak gogorarazi zuen hori ez dela izan aurtengo Euskal Herriko hilketa matxista bakarra: "Aurtengoan hiru hilketa matxista gertatu dira: Bilbokoaz gainera, maiatzean Donibane Lohizunen eta ekainean Urruñan. Hori gutxi ez, eta 2024ka hasi zenetik gaur arte 461 eraso matxista salatu dira gutxienez Euskal Autonomia Erdikidegoan". Indarkeria matxistak "eguneroko ogia" izaten jarraitzen duela eta horren kontra borrokatu eta antolatu beharra aldarrikatu zuen Itaiak atzo plazan egindako protestan.
Azpeitiko Udalak ere gaitzetsi egin du Bilboko hilketa matxista, eta hori adieraziz oharra atera zuen atzo. Honako adierazpenak egin ditu oharrean: "Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea". Hori dela eta, Azpeitiko Udalak "giza eskubideen urraketarik" onartuko ez duela adierazi du, "ez Azpeitian, ez beste inon ". Horrez gain, "urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura" dela azaldu du erakundeak.
Herenegun hil zuten emakume bat Bilbon, eta haren bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak, hiltzailea delakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan izan zen hilketa. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara jo zuten etxebizitzan oihuak entzun zituztelako, eta zerbitzuok iritsi zirenean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu zuten. Lekuan bertan hil zen, zaurien ondorioz. Biktimak 31 urte zituen, eta haren bikotekideak 34 urte ditu.