Urriko bigarren asteburuan agur bikoitza jasoko du Kepa Susperregik. Uztailean jakin zen Azpeitiko Parrokia utzi eta Zarauzkoaren ardura hartuko zuela Susperregik. Ezustean iritsi zitzaion aldaketa 31 urtez Azpeitiko Parrokian aritu den elizgizonari, eta ezusteko handia izan zen albistea herritarrentzat ere, batez ere Parrokian eta erakunde horren inguruan Susperregirekin hartu-emanean aritzen direnentzat.
Inguru horretatik sortu da, hain zuzen ere, Zarautzera joan aurretik parrokoa agurtzeko zerbait antolatzearen gogoa, eta urriaren 12rako antolatu dute horretarako hitzordua. Pilarika egun horretan, hasteko, elizkizuna egingo dute 12:00etan parrokian, eta ondorenerako bazkari herrikoia antolatu dute. Loiolako Kiruri jatetxean egingo dute Susperregi agurtzeko bazkari hori, 14:30ean hasita.
Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek datozen egunetan izango dute txartela eskuratzeko aukera. Irailaren 20an (etzi) eta 27an goizez (10:00etatik 12:00etara), eta 23an eta 24an arratsaldez (17:00etatik 19:00etara) egongo dira antolatzaileak Parrokiaren lokalean bazkarirako txartelak saltzen, 27 eurotan. Izena ematerakoan, jatekoren batekin edo mugikortasun arazoak al dituzten adierazi ahalko dute herritarrek, antolatzaileek kontuan har ditzaten.
Agur eta ongi etorri, urriaren 13an
Urriaren 12an herritarren agurra jasoko du Kepa Susperregik, eta biharamunean, berriz, Elizarena. Izan ere, lekualdatzearen ekitaldi ofiziala urriaren 13an egingo du Azpeitiko parrokian Gipuzkoako Elizbarrutiak.
Urriko bigarren igande horretan, Susperregi Azpeititik agurtzeko eta Jose Ignacio Eguzkitza parroko berriari ongietorria emateko meza ospatuko dute parrokian. 12:30ean izango da asteburuko bigarren meza hori, eta Mikel Aranguren bikario nagusiak gidatuko du elizkizuna.