"Denon musika eskola" inauguratu dute

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 19a, 09:00

Joan den astetik erabiltzen ari diren Soreasuko egoitza berria atzo inauguratu zuten ofizialki Juan Antxieta musika eskolak eta Azpeitiko Udalak, ikaslez, familiaz eta herritarrez inguratuta.

Joan den irailaren 9an hasi zuten ikasturtea Juan Antxieta musika eskolan eta Soreasun estreinatu berri duten egoitzako eskaileretan gora eta behera ibili dira harrezkero dozenaka ikasle. Etxe berriaren inaugurazio ofiziala, baina, atzo arratsaldean egin zuten. Atzora arte Antxietakoen egoitza berria ikusteko aukerarik ez zuela izan aitortu zuen Nagore Alkorta alkateak eta Aitor Larrañaga Kultura batzordeburuak ordezkatu zuten udala etxe berriko atarian egin zuten ekitaldian, eta Mari Jose Bikendi zuzendariak bete zituen anfitrioi lanak. Ekaitz Larrazabal Katxo-k eta Unai Frantsesenak txalaparta joz egin zieten harrera ekitaldira joandakoei, eta Alain Sorazuk aurreskua dantzatu zien udal ordezkariei eta musika eskolakoei, Iraia Bereziartuak biolinarekin jotako doinuei jarraituta.

Alkortak eta Bikendik hartu zuten hitza jarraian. Musika eskola lekuz aldatzeko arrazoia gogora ekarri zuen alkateak –Perdillegiko eremuan eraikiko duten zahar etxe berria–, eta Juan Antxietakoen habi berria non egin erabakitzerakoan Soreasuren aldeko apustua "argi" ikusi zutela azaldu zuen. Soreasu da musika eskolarentzat "eremu naturala", Alkortaren hitzetan, beste hainbat kultur eragile eta egitasmo ere bertan kokatzen direlako; bandaren egoitza eta Dinamoko soinuaren eremua aipatu zituen, hain zuzen. Eragileen elkarlanak "kultur dinamika indartu" egiten duela berretsi zuen Alkortak, eta Kulturaz kooperatibaren eredua eta herriko kultur ekosistema goraipatu zituen beste behin. Era berean, musika eskolaren lau hamarkada pasako ibilbidean parte hartu duten irakasle, ikasle eta kide guztien lana eskertu zuen, eta eraikin berria "hobekuntzarako inflexio puntu" izatea opa diela adierazi zien musika eskolaren gaur egungo kideei.

Bikendik, bere aldetik, musika eskolak bere 40 urtetik gorako ibilbidean izan dituen "aterpe" desberdinak aipatu nahi izan zituen lehen hitzetan; aterpe horien abaroa eskaini dietenei "eskerrak" emanda, bakoitzaren "oroitzapen politak" gordetzen dituztela adierazi zuen musika eskolaren zuzendariak. Alde Zaharreko etxe berrira "ilusioz beteta eta amets berriak betetzeko gogoz" iritsi dira musika eskolakoak, Bikendiren esanetan. Esker on hitzak izan zituen Bikendik ere bere hitzaldian: Udalari eskerrak eman zizkion, Soreasuko eraikinean "musikari leku bat egiteagatik"; eta sendiak eta ikasleak eskertu zituen, "daudenak eta etorriko direnak, musikaren magian sinesteagatik". Soreasun ere magia hori sortzen eta sormena eragiten jarraitu nahi dutela esan zuen Bikendik.

"Ongi etorri denok denon musika eskolara" hitzekin bukatu zuen zuzendariak inaugurazio ekitaldia, eta gonbidapen hori gauzatu zuten ondoren ekitaldi horretara joandako ikasleek, familiek, herritarrek eta udal ordezkariek. Eskailera berrietan gora, musika eskolaren etxe berriaren txoko guztiak ezagutzeko aukera izan zuten, hainbat gelatan irakasle eta ikasle eskolak ematen eta hartzen ari ziren bitartean.

Erlazionatuak

Etxe berria estreinatu du Juan Antxieta musika eskolak

Maialen Etxaniz eta Nerea Uranga ira 03 Azpeitia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide