Urriaren 12an hasiko dira Domusa Teknik 40 MLKen emakumeen entrenamendu saioak

Ane Olaizola 2024ko ira. 28a, 09:05

Domusa Teknik 40 MLK-ek emakumeei zuzendutako entrenamendu saio bat, artxiboko irudi batean. (Alberto Beloki)

Datozen hilabeteetan sei irteera eta elikadurari buruzko hitzaldi bat egingo dituzte. Beste behin, "izen handiko korrikalariak" izango dira irteera bakoitzean, eta aurten, Apeitian ez ezik, Azkoitian eta Errezilen ere egingo dituzte entrenamendu saioak. 

Azken urteetan izandako "arrakastaren" ondotik, emakumeei zuzendutako entrenamenduak antolatu dituzte Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketako antolatzaileek, "berdintasunarekin eta emakumeen kirolaren sustapenarekin" duten konpromisoa berresteko asmoz. Hori hala, datozen hilabeteetan sei irteera eta elikadurari buruzko hitzaldi bat egingo dituzte. 

"Izen handiko korrikalariak" izango dira irteera bakoitzean, "beren esperientzia eta motibazioa" bertaratzen direnekin partekatzeko, eta urriaren 12an, larunbatez, egingo dute aurrenekoa, Maite Maiorarekin. Ainara Urrutiak, Ainara Urrutiak, Gemma Arenasek, Sandra Sevillanok eta Oihana Azkorbebeitiak eskainiko dituzte ondorengo entrenamendu saioak, eta martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, izango da azkena; egun horretan, bazkari batekin itxiko dute egitasmoa. Aurten, gainera, Azpeitian ez ezik, Azkoitian zein Errezilen ere irteerak egingo dituzte. Era berean, azaroaren 9an kirolaren eta elikaduraren inguruko hitzaldia izango da. 

Datorren urteko maiatzaren 10ean jokatuko dituzte Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketak, eta horiek prestatzeko entrenamendu saioak dira Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknikek antolatu dituztenak; saio horiek, gainera, Laboral Kutxaren babesletza dute aurten. 

Hona hemen mendi lasterketari lotuta emakumeei zuzendutako ekintzen programa: 

  • Urriak 12, larunbata. Irteera Azpeitian, Maite Maiorarekin. 
  • Azaroak 9, larunbata. Kirola eta nutrizioa hitzaldia. 
  • Abenduak 14, larunbata. Irteera Azkoitian, Ainara Urrutiarekin. 
  • Urtarrilak 11, larunbata. Irteera Errezilen, Sandra Sevillanorekin. 
  • Otsailak 9, larunbata. Irteera Azpeitian, Gemma Arenasekin. 
  • Martxoak 8, larunbata. Irteera Azpeitian, Oihana Azkorbebeitiarekin, eta itxiera bazkaria. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide