Elkarretaratzea eta bazkaria egin dituzte jubilatuek eta pentsiodunek, euren nazioarteko egunaren bezperan

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 30a, 16:40

Baigerak deituta, aurrena asteleheneroko elkarretaratzea egin dute plazan, eta ondoren, bazkaria eta erromeria egin dituzte Azoka Plazan. Dozenaka pentsiodunek eta erretiratuk parte hartu dute bi ekitaldietan.

Azken urteetako moduan, Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Egunaren bueltako ekitaldiak aldarrikapena eta festa giroa uztartuta egiten ari dira gaur Azpeitian, nahiz eta egun ofiziala bihar izan. Baigerak antolatuta, herriko jubilatuek eta pentsiodunek bi hitzordu zituzten gaurko.

Hala, 13:00etan, pentsio, zaintza eta osasun zerbitzu publiko eta duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzea egin dute Azoka Plazako atarian; eta 14:00etan hasita, bazkaria egin duten Azoka Plazan bertan, segidan erromeriarekin jarraitzeko. Dozenaka izan dira bi hitzorduetan parte hartu duten herritarrak.

Bazkaria bukatu eta dantzaldia hasi bitarteko tarte horretan, Kepa Susperregi parrokoari aurreskua egin diote, aurki Azpeitiko Parrokia utzi eta Zarauzkoaren ardura hartuko duelako. Urriaren 12rako ari dira antolatzen hura agurtzeko elizkizuna eta bazkari herrikoia, baina horretaz gain, gaur, jubilatuek eta pentsiodunek euren aldetik aitortza txiki bat egin nahi izan diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide