Azpeitiko II. Zumba Solidarioa Denentzat egitasmoa egingo dute urriaren 26an, larunbatez, Urola ikastolako estalitako gunean. Iaz egin zuten aurrenekoz Zumbatoi Solidarioa, eta aurten bigarrengo hitzordu bat jarri dute, dantza eginez Azpeitiko Minbiziaren Aurkako elkarteari laguntzeko.
Regla Hernandez, Lara Idoeta, Esti Garcia, Ainhoa Aranbarri eta Irene Agirre ariko dira irakasle lanetan, eta haiek gidatuko dute saioa. Bertaratzen direnei kamiseta arrosak janzteko deia egin diete.
Izen-ematea ireki dute dagoeneko, eta azken astean "jende askok" izena eman duela adierazi dute antolatzaileek. Hori dela eta, izen-ematea aurrez egiteko deia egin dute. Horretarako aukera izango da ostegunean, hilaren 10ean, Jose Artetxe kaleko plazatxoan dagoen Violeta dendan, 18:30etik 20:00etara. Datozen asteetan ere eskainiko dute izen-ematea egiteko aukera. Sare sozialen bitartez nahiz egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina antolatzaileek aurrez egitea gomendatu dute.
Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da pertsonako. Bederatzi urtez azpikoek doan izango dute izen-ematea. Egitasmoarekin biltzen duten dirua Azpeitiko Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat izango da.
Elkartasun zozketa
Izen-emateko txartelak ez ezik, elkartasun zozketarako txartelak ere saltuko dituzte Zumbatoi Solidarioaren antolatzaileek. Azaldu dutenez, "herriko saltoki txikiek egindako ekarpenari esker" askotariko produktuz osatutako saskia zozkatuko dute zumbatoiaren egunean. Txartelak hiru eurotan jarri dituzte eskuragarri, eta Jose Artetxeko lokalean eros daitezke. Bertan jarri dute ikusgai elkartasun saskia ere, eta han egongo da urriaren 12a arte.
Zozketarekin lortutako dirua ere Azpeitiko Minbiziaren Aurkako elkarteari laguntzera bideratuko dute.