Larunbatean egingo dute Domusa Teknik 40 MLKen emakumeen aurreneko entrenamendu saioa

Iraia Oteiza 2024ko urr. 8a, 09:15

Domusa Teknik 40 MLK-ek emakumeei zuzendutako entrenamendu saio bat, artxiboko irudi batean. (Alberto Beloki)

Parte hartzaileak 08:30ean aterako dira Azpeitiko igerileku paretik, eta 14,6 kilometroko eta 610 metroko desnibeleko ibilbidea osatuko dute, Maite Maiora korrikalari gonbidatua lagun dutela. Izen-ematea zabalik egongo da urriaren 10era arte.

Azken urteetan izandako "arrakastaren" ondotik, emakumeei zuzendutako entrenamenduak antolatu dituzte aurten ere Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketako antolatzaileek, eta larunbat honetan egingo dute aurreneko saioa. Parte hartzaileak 08:30ean aterako dira Azpeitiko igerileku paretik, eta 14,6 kilometroko eta 610 metroko desnibeleko ibilbidea osatuko dute, Maite Maiora korrikalari gonbidatua lagun dutela.

Iaz bezalaxe, kiroldegiko kontsignan gauzak uzteko aukera, eta kiroldegian bertan dutxatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Entrenamendu saioaren ostean, hamaiketakoa egingo dute.

Aurreneko entrenamendu saioan parte hartzeko honako lotura honetan eman beharko da izena, urriaren 10a, osteguna, baino lehen.

Larunbateko entrenamenduaz gain beste lau irteera eta elikadurari buruzko hitzaldia antolatu dituzte emakumeentzat, maiatzaren 10ean jokatuko dituzten Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketen aurretik. Hona hemen mendi lasterketari lotuta emakumeei zuzendutako ekintzen programa: 

  • Urriak 12, larunbata. Irteera Azpeitian, Maite Maiorarekin. 
  • Azaroak 9, larunbata. Kirola eta nutrizioa hitzaldia. 
  • Abenduak 14, larunbata. Irteera Azkoitian, Ainara Urrutiarekin. 
  • Urtarrilak 11, larunbata. Irteera Errezilen, Sandra Sevillanorekin. 
  • Otsailak 9, larunbata. Irteera Azpeitian, Gemma Arenasekin. 
  • Martxoak 8, larunbata. Irteera Azpeitian, Oihana Azkorbebeitiarekin, eta itxiera bazkaria. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide