Kilometroak 2024

Kilometroetan izandako eraso sexista gaitzetsi dute plazan

Andoni Elduaien 2024ko urr. 8a, 19:35

Udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea, Urola Erdiko Itaiak deituta. (Andoni Elduaien)

Gizon batek igandean zenbait adin txikiko grabatu eta gero bideo horiek sare sozial pribatuetan argitaratu zituela salatu dute dozenaka herritarrek plazan, Urola Erdiko Itaiak deituta. "Ideia eta jarrera matxistak borrokatzeko konpromisoarekin" jarraituko duela adierazi du antolakundeak.

Igandean Kilometroak jaia ospatzen ari zirela herrian jazotako eraso sexista gaitzetsi dute gaur arratsaldean, plazan. Urola Erdiko Itaiak goizean salatu du igandean gizon bat hainbat adin txikiko grabatzen aritu zela aurrena, eta gero, bideo horiek sare sozial pribatuetan argitaratu zituela. Ordea, Itaiak adierazi du igandekoa ez dela gizon hori emakumeak jazartzen ibili den lehen aldia; erakundearen arabera, "Azpeitiko hainbat tabernatan" ere harrapatu dute grabazioak egiten, baita "Zumaian eta Zestoan" ere.

Emakumeen antolakundeak berak deituta, Indarkeria matxistaren aurrean antolatu leloa zeraman pankartaren atzean dozenaka herritar bildu da udaletxearen aurrean. "Eraso matxistak borrokatu", "indarkeria matxistari aurre egin" edota "emakume langile, antolatu" oihuak entzun ahal dira han bildutako lagunen ahoetatik. 

2024an hiru emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta 4.099 sexu eraso salatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, salatu ez diren guztiak kontuan izan gabe. "Nahiz eta datuek hori guztia agerian utzi, asko dira eraso matxisten aurrean ezikusiarena egiten dutenak. Are gehiago, alderdi eskuindarretatik zein ultraeskuindarretatik eta ideologia atzerakoia duten bestelako zenbait sektoretatik indarkeria matxista existitzen ez denaren ideia zabaltzen ari dira", azaldu dute. Halaber, Azpeitian bertan ere erasoren bat salatzeko "urtean behin edo birritan" plaza hartu behar izaten dutela gogorarazi dute.

Itaiarentzat behar-beharrezkoa da indarkeria matxista kasu guztiak salatzea eta horiei aurre egiteko borrokatzea, baita "ideologia matxistari, hura zuritzen duten alderdiei eta erasotzaileei aurre egitea" ere. "Matxismoaren existentzia ukatzeak, zuzenean, emakumeoi egin digu kalte, eraso matxistak normalizatzen direlako eta erasotzaileen inpunitatea handitzen delako. Hori gutxi balitz, horrek guztiak eragin zuzena du emakume langileon gorputzen sexualizazioan eta objektibazioan".

"Ideia eta jarrera matxistak borrokatzeko konpromisoarekin" jarraituko duela adierazi du antolakundeak plazako kioskotik. "Ezin dugu ahaztu guztion ardura dela eraso gehiago ez gertatzeko gaurdanik bermeak jartzen hastea. Emakumeon sufrimendua areagotzen duelako eta emakumeok zapalduta mantentzen gaituelako, jarrai dezagun indarkeria matxistaren aurka borrokatzen eta antolatzen". Elkarretaratzea txalo artean itxi dute plazan bildutako herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide