Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen urriaren 10a, eta Osamen zentroko erabiltzaileak kalera atera ziren, "inklusioa eta errespetua" aldarrikatzera. Zentro horretako ordezkariek egunaren balorazio "oso positiboa" egin dute; erabiltzaileak, haien senitartekoak nahiz profesionalak gustura gelditu zirela jakinarazi dute. Osamenen arabera, honelako mezuak bidali dizkiete erabiltzaileen senitartekoek: "Egun oso polita antolatu duzue", "oso hunkigarria izan da", "beharrezkoak dira horrelako ekitaldiak herri txikietan"...
"Asko eskertzen dugu Ikastetxe guztietako ikasle zein irakasleen presentzia gure aldarrikapen egunean", esan dute Osameneko kideek. Aipamen berezia egin diete trikitia eta panderoa eraman zituzten ikasleei, haiei esker "alaiagoa" izan baitzen kalejira.
Eskerrak eman dizkiete, era berean, eguna antolatzen lagundu zuten guztiei, baita haren hedapena egin zuten hedabideei ere; tartean, Gukaren lana ere aipatu dute. Ekintzetan parte hartu zuten herritarrentzat ere esker hitzak izan dituzte, baita Azpeitiko Udalarentzat ere.