Domusa Teknik 40 MLKek antolatuta, emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua egin dute

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 12a, 13:52

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek hasi dute emakumeei zuzendutako entrenamenduen denboraldia. Gaur egin dute aurreneko saioa, Maite Maiora gonbidatua lagun zutela.

Emakumeei zuzendutako entrenamenduak antolatu dituzte aurten ere Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek, eta gaur, larunbatez, egin dute aurreneko saioa. Parte hartzaileak 08:30ean atera dira Azpeitiko igerileku paretik, eta 14,6 kilometro eta 610 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu dute, Maite Maiora korrikalari gonbidatua lagun zutela. Entrenamenduaren ostean, hamaiketakoa egin dute.

Gaurkoaz gain, beste lau irteera eta elikadurari buruzko hitzaldia antolatu dituzte emakumeentzat, maiatzaren 10ean jokatuko dituzten Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketen aurretik. Hona hemen mendi lasterketari lotuta emakumeei zuzendutako ekintzen egitaraua: 

  • Azaroak 9, larunbata. Kirola eta nutrizioa hitzaldia. 
  • Abenduak 14, larunbata. Irteera Azkoitian, Ainara Urrutiarekin. 
  • Urtarrilak 11, larunbata. Irteera Errezilen, Sandra Sevillanorekin. 
  • Otsailak 9, larunbata. Irteera Azpeitian, Gemma Arenasekin. 
  • Martxoak 8, larunbata. Irteera Azpeitian, Oihana Azkorbebeitiarekin, eta itxiera bazkaria. 

(Argazkiak: Alberto Beloki)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide