Argi gelditu da gaur zenbat maite duen Azpeitiak Kepa Susperregi. Uztailean jakin zen Azpeitiko Parrokia utzi eta Zarauzkoaren ardura hartuko zuela. Ezustean iritsi zitzaion aldaketa 31 urtez Azpeitiko Parrokian aritu den elizgizonari, eta ezusteko handia izan zen albistea herritarrentzat ere, batez ere Parrokian eta erakunde horren inguruan Susperregirekin hartu-emanean aritzen direnentzat. Horren erakusle izan da gaur erretoreari egin dioten agurra, Parrokiaren bueltako herritarrek antolatuta. Lehenik, 12:00etan, elizkizuna egin dute parrokian, eta, ondoren, bazkari herrikoia izan da. Bi hitzorduetan jendetza elkartu da, eta hunkituta agertu dira herritar asko eta baita Susperregi bera ere.
Susperregik berak azaldu du bazekiela "zerbait" egitekoak zirela gaurko egunez, baina ez zuela espero hainbesteko ekitaldirik. Izan ere, meza amaierara iristen ari zela hasi dira ezohiko ekintzak. Lehenik, Susperregiren lagun batek bertsoak abestu ditu, eta jarraian, oroigarriak eman dizkiote gaurko ekitaldia antolatzen aritu direnek. Segidan, herritarrek erakutsitako gertutasuna eskertzeko, hitz batzuk egin ditu Susperregik. Hitz hauek esan ditu:
"Esker eta gertutasun hitzak entzun ditut azken egun eta asteetan, bihotz onez eskainitako hitzak. Emozioz entzun eta eskertzen dizkizuet benetan. Nik ere badut zer eskerturik. Halaxe esan zidan Zumaian emakume ezagun batek uztailaren lehen larunbatean hileta bat ospatzera joan nintzenean: 'Eskerrak eman behar zenituzke hainbeste urtetan herri eta parrokia batean egoteko aukera izan duzulako'. Eta halaxe da. Badut bai zer eskerturik. Bizitza bera ez ezik, familia bere osotasunean: aitona eta amona, aittitte eta amama, guraso eta senideak, osaba-izebak eta lehengusuak. Eta bizitzan bidean izandako adiskideak. Hemen, zuen artean eta inguruan bizi izan ditudan urteak. Ilusioz eta gogotsu iritsi ginen Patxi eta biok orain dela 39 urte. Pertsona bezala haziz eta heziz, bizitza esperientziaz aberastu gara, eta apaiz izatea zer den ere ikasi izan dugu zuen artean. Parrokian lan eginez, herritar izaten saiatuz, bihotz zabalez onartu eta zuen arteko egin eta babestu gaituzuela ere sentitzen dut. Gure etxekoak, ama eta osaba, gaixotu, mugatu eta urteetan aurrera joan zitzaizkigunean, erabaki zailak hartzerakoan, gertuko laguntzaile izanez. Eta azkenik, eskerrik asko, azken egunotan eta hilabeteotan zuen gogoz, borondatez eta ilusioz, pozen eta neke batzuen artean gaurko egun hau antolatzen saiatu eta ahalegindu zareten guztioi. Eskerrik asko denoi, bihotz-bihotzez".
Behin baino gehiagotan hunkitu da Susperregi hitz horiek irakurtzean, eta amaierara iritsi denean, txalo zaparrada luzea jaso du; elizan bildutako herritar guztiak zutik jarri dira.
Elizkizunaren amaieran, agurra dantzatu diote elizgizonari, eta ekitaldiak amaitzean, herritar ugarik agurtu dute hura. Esker hitzak zuzendu dizkiote erretoreari.
Jarraian, 14:30ean hasita, bazkaria egin dute Kiruri jatetxean, eta jendetza bertaratu da; 400 lagun inguru joan dira Susperregiren agurreko bazkarira.
Agur eta ongi etorri, bihar
Gaur herritarren agurra jaso du Kepa Susperregik, eta bihar, berriz, Elizarena. Izan ere, lekualdatzearen ekitaldi ofiziala bihar egingo du Azpeitiko parrokian Gipuzkoako Elizbarrutiak.
Susperregi Azpeititik agurtzeko eta Jose Ignacio Eguzkitza parroko berriari ongietorria emateko meza ospatuko dute bihar parrokian. 12:30ean izango da meza hori, eta Mikel Aranguren bikario nagusiak gidatuko du elizkizuna.