Atzo hasi zuten Azpeitian III. YK Riders Fest jaialdia, BMX, scooter, skate eta lineako patinen ikastaroekin. Ostiralez motorrak berotu ostean, gaur jarraitu du festak, eta hainbat ekintza izan dira egun osoan zehar, Arauntza Riders klubeko kideek antolatuta. Lehen aldiz egin duten Enduro Martxa izan da gaurko berrikuntza, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, berrehun lagunetik gora elkartu dira. Oro har, asteburuak eman duenarekin "oso pozik" azaldu dira, "dena ondo atera delako eta jendeak oso ondo erantzun dutelako".
Goizean goiz hasi dituzte YK Riders Festen gaurko ekintzak. Enduro martxarekin ireki dute eguna, 09:00etan; guztira, 30 kilometroko eta 1.100 desnibel positiboko bidea egin dute parte hartzaileek, hiru jaitsierarekin. Antolatzaileen arabera, "Azpeitiko jaitsierak ezagutzeko plan ederra" izan da, eta giro ederra sortu da partaideen artean. Batzuk bizikletarekin mendian ibili diren bitartean, bestelako ekintzak egin dituzte Izarraitz skate parkean; besteak beste, grafiti, slack line eta tye die tailerrak. Bazkaria egin dute eguerdian, 14:30ean hasita. Arratsaldean,16:30 aldera, erakustaldia izan da skate parkean, eta eguna borobiltzeko, parrillada eta kontzertuak eskaini dituzte.