"Oraindik ametsetan". Horrela dagoela aitortu du Xabier Iturraldek, eta ez da gutxiagorako; izan ere, Errekortarien Espainiako Uztai Txapelketa irabazi du bigarren urtez jarraian. Hori gutxi ez, eta bigarren sailkatuta amaitu du Espainiako Uztaidun Errekortarien Liga. Aurtengo denboraldia "berezia" izan da errekortari azpeitiarrarentzat, bikotekide berria izan baitu zezen plazetan. Hain zuzen, Javier Soler valentziarrarekin batera aritu da lehian 2024ko denboraldian. Solerrek aurten egin du debuta ligan, baita Zaragozan ere.
Joan zen igandean jokatu zuten Errekortarien Espainiako Uztai Txapelketa Zaragozako (Espainia) zezen plazan. Plaza garrantzitsua da Zaragozakoa uztaidun errekortarientzat, eta Iturraldek ere maitea du. Espainiako Ligako errekortaririk onenak lehiatzen dira han. Iturraldek azaldu duenez, finalaurrekoan lau uztai sartzea lortu zuten, eta horri esker sailkatu ziren finalera. Finalean, berriz, nagusitasunez irabazi zuten; izan ere, beste bi bikote aurkariek bina uztai sartu zizkieten behiei, eta Iturraldek eta Solerrek bost. Hori horrela, haientzat izan zen Errekortarien Espainiako Uztai Txapelketa. Asier Estarriaga eta Edgar Teixeira sailkatu ziren bigarren, eta Roberto Constanza eta Ander Lizarralde hirugarren. Lizarralde izan zen iaz Iturralderen bikotekidea.
Estu hasitakoa, gozo bukatuta
Denboraldiaren bolarazioaz galdetuta, Iturraldek dio balorazioa "oso oso positiboa" dela: "Bikotekide berria izan dut aurten, eta horrek eragiten dituen aldaketak kontuan hartuta, denboraldia zoragarria izan da, eta are ederragoa Zaragozan txapeldun izatea".
Azpeitiarrak nabarmendu du denboraldi hasiera "zaila" izan zela, dena baitzen berria, nolabait. Solerrek aurten egin du debuta, eta Iturraldek dagoeneko laugarren denboraldia izan du aurtengoa. "Bikote aldaketak tarteko, hasieran bakarrik gelditu nintzen. Azkenean Javierrekin [Soler] hasi nuen denboraldia, baina lehen aldiak beti dira desberdinak; izan ere, elkar ezagutu beharra izaten da, elkarren gaitasunak ikusi, akatsak... Gauza asko landu behar izaten dira ondo lehiatzeko. Beraz, denboraldi hasieran oso espektatiba txikiak nituen, eta nire helburua zen Javierrekin bikote on bat izateko bidea egiten hastea", azaldu du Iturraldek. Dena den, bazuten beste helburu bat: Zaragozako txapelketara iristea. "Zaragozara sailkatzea genuen jomuga, eta han disfrutatzea. Akatsak identifikatzen, onartzen eta hobetzen aritu gara denboraldi osoan, plazetan gozatzen". Azkenean, baina, bidea ondo urratuta eta helburu guztiak beteta borobildu dute denboralida. "Zaragozan gozatu genuen bezala gozatzea zoragarria da, baita ikusleek gozatu zutela ikustea ere. Hori da guretzako saririk politena", adierazi du Iturraldek.
Emozioz bustitako datuak
Zaragozako sari banaketa "hunkigarria" izan zela irakur daiteke gaiaz idatzi duten egunkarietan, eta horrela izan zela baieztatu du Iturraldek. Haren bikotekide Soler ez baita edonor errekortarien munduan. "Javierren aita zena, Juan Manuel Soler Majin uztaidun errekortaria zen, eta zezen batek harrapatuta hil zen. Majin zenak ere irabazi zuen Zaragozako txapelketa, eta aurtengoarekin historian aita-seme batzuek txapelketa irabazten duten bigarren aldia da. Hori dela eta, oso momentu hunkigarria izan zen Zaragozan bizitakoa", azaldu du Iturraldek. Solerren amak eman zien saria.
Beste datu bitxi batzuk ere utzi zituen txapelketak. Imanol Henaresek 2009an egin ostean, Javier Soler izan da Zaragozan debutatzearekin batera txapelketa irabazi duen bigarren errekortaria. Xabier Iturraldek ere utzi du marka; izan ere, 2013an eta 2014an Alejandro Cuairanek egin zuenetik, errekortari batek ez zuen Zaragozako garaipena errepikatu. Iturraldek hautsi du marka, 2023an eta 2024an jarraian sariketa irabazita.