Egunotan Azpeitian izan da Pasang Temba xerpa ezaguna, eta udalak harrera egin dio hari nahiz harekin batera herrira etorriak diren Tenjing eta Cheppal xerpei. Udal ordezkariek oroigarria eman zieten atzo haiei, udaletxera egin zuten bisitan.
Herenegun Alex Txikonek egin zien ongietorria xerpei. 1980. urtean, Martin Zabaleta mendizale hernaniarrarekin batera egin zuen Everest mendiaren gailurrerako bidea Tembak, eta Azpeitian balentria hura gogoratu zuten.
Bi hilabeteko egonaldia egingo du Temba nepaldarrak Euskal Herrian, eta, besteak beste, Alex Txikonek antolatutako zenbait hitzalditan parte hartuko du.