Bigarren LGTBI+ topaketa irekia antolatu dute urriaren 24rako

Nerea Uranga 2024ko urr. 18a, 13:28

Joan den ekainean 'Oihu bat isiltasunean' lana aurkeztu zutenean bildutakoak.

Besteak beste, elkar ezagutzeko, elkarren berri izateko eta saretzen joateko egingo dute topaketa, eta nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute. Saioa Eihera kooperatibako Kattalin Minerrek dinamizatuko du.

Azpeitiko lehen LGTBI+ topaketa irekia egin zuten urriaren 3an, eta orduko hartan, hogei lagun inguru elkartu ziren. Topaketa elkar ezagutzeko, elkarren berri izateko edota saretzen joateko asmoarekin antolatu zuten. Orain, bigarren topaketa bat prestatu dute: urriaren 24an (osteguna) izango da, 18:30ean, Emakumeen Txokoan. Eihera kooperatibako Kattalin Minerrek dinamizatuko du saioa.

Topaketa irekia izango da eta nahi duten guztiak gonbidatuta daudela adierazi dute antolatzaileek: "Lehen saiora joan ez zirenak ere animatu nahi ditugu parte hartzera. Izena eman beharrik ere ez dago".

Azpeitiko Udalak ekainean aurkeztu zuen herriko LGTBI+ errealitateen erradiografia biltzen duen Oihu bat isiltasunean lana, Eihera kooperatibak eginda. Diagnosi horretan parte hartu zutenen artean errepikatu zen ideietako bat izan zen kolektiboko jendeak ez duela elkar ezagutzen, herrian ez dela egon harremantzeko, elkarren beharrak ezagutzeko edota saretzeko topagunerik. Behar horri erantzuteko antolatu dituzte LGTBI+ topaketak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide