Josu Beitia eta Iñaki Alberdi izan dira azkarrenak Urrakin

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 20a, 16:05

Azkoitiarrak irabazi ditu autoentzako igoera eta monoplazen sailkapena, eta sailkapen nagusian bigarrena izan den azpeitiarrarentzat izan da garaipena turismoetan. Beste azpeitiar batek, Ibon Otaegik, osatu du podiuma.

Bailarako gidariak jaun eta jabe izan dira gaur 42. Urrakira Igoeran. Antolatzaileek aurkezpenean egindako pronostikoak bete egin dira hein handian. Horrela, Josu Beitia (Speedcar GTR EVO) izan da azkarrena (3.13,185): monoplazen artean onena izan da azkoitiarra –lauk parte hartu dute eta hiruk bukatu–, eta sailkapen nagusian ere bera izan da nagusi. Bi segundo pasatxo kendu dizkio Beitiak Iñaki Alberdi Txikiye-ri (Porsche 911 GT3); sailkapen nagusian bigarrena, turismoetan aurreneko postuan sailkatu da, horrenbestez, azpeitiarra. Beste azpeitiar batek, Ibon Otaegik (BMW M3 E46), osatu du podiuma; sailkapen nagusian hirugarrena, bere saileko kotxeen artean (3. Klasea) aurrena izan da Otaegi.

Ibon Beitia azkoitiarra (4. Klasea) eta Josu Alberdi azpeitiarra ere (7. Klasea) beren sailetan azkarrenak izan dira gaur Urrakin. Gorabehera larririk gabe bukatu da Lagun Arteari lekukoa hartuta Bosteko eskuderiak antolatu duen lehen Urrakira Igoera: 58 parte hartzaile izan ditu lasterketak, eta horietatik zortzik ezin izan dute proba osatu.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide