Lagun Artea eskuderiaren agurrarekin, Urrakiko Igoera mitikoaren azken aldia iazkoa izango zenaren zantzuak nabarmenak ziren duela urtebete. Lasterketaren egunean bertan, omenaldi beroa egin zieten Lagun Arteako betiko buru Joxean Aranetari eta iazkoarekin lasterkertak utzi zituen Joxe Labakari. Baina Bosteko eskuderiaren sorrerarekin uxatu ziren autozaleen beldurrak. Datorren igandean, urriaren 20an, jokatuko dute 42. Urrakira Igoera, eta atzo iluntzean aurkeztu zuten edizio berria prentsaurrean.
Iazko aurkezpeneko agur eta "pena" kutsua zein zalantza giroa gogora ekarri zituzten atzo Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak eta Angel Gurrutxaga Euskadiko federazioaren presidenteak, aurtengoaren ilusio kutsuarekin alderatuta. Gazteek lekukoa hartzea "eskertzekoa" dela ere nabarmendu zuen zinegotziak, eta biek opatu zieten Bostekokoei Lagun Arteak hainbeste urte irautea antolatzaile lanetan.
Lagun Artearen "lekukoa" hartzeko sortu dute Bosteko, hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat proba "mitiko" antolatzen jarraitzeko helburuarekin, Gorka del Cid eskuderiako kideak atzo nabarmendu zuenez. Eta, nola ez, Urrakikoa da, etxeko lasterketa izateaz gain, mitikoenetako bat.
Igandean, "09:00 aldera" itxiko dute errepidea, baina "baldintzek hala eskatzen badute" itxiera ordua aurreratu dezakete, antolatzaileek zehaztu dutenez. Proba, berriz, 10:00etan hasiko da; ordu horretan ekingo diote entrenamendu mangari, eta haren ondoren jokatuko dituzte igoera erabakiko duten kronometratutako bi txandak, sei kilometroko ibilbidearen gainean.
60 pilotu eta etxeko ugari
Euskal Herriko eta Gipuzkoako Mendi txapelketetarako azken lasterketa puntuagarria izango da Urrakikoa eta parte hartzaile zerrenda oparoa izango du: 60 pilotuk eman dute izena. Txapelketak erabakita jokatuko dute aurten, ordea, Azpeitiko proba: Aitor Mansok jantzi du monoplazetan txapel nagusia, eta Bruno Scherer-ek turismoena. Schererrek (Porsche GT3) parte hartuko du igandean Urrakin, eta atzo aurkezpenean izan zen Iñaki Alberdi Txikiye-rekin (Porsche 911 GT3) borrokatuko da turismoen sailean garaipena eskuratzeko. Manso, ordea, ez da Azpeitian izango, ezta iaz Urrakiko marka ezarrita irabazi zuen Joseba Iraola ere; Espainiako Txapelketako lasterketa jokatuko dute asteburu honetan Eivissan (Herrialde Katalanak), Urrakiko antolatzaileek azaldu dutenez.
Urrakin "txapela janzteko faborito nagusia", Bostekokoen esanetan, Speedcar GT-R EVO monoplazarekin lehiatuko den Iosu Beitia azkoitiarra da. "Iaz podiumean amaitu zuen eta aurten Urrakin lehen aldiz irabazteko aukera du". Julien Salaberri, Iñaki Jauregi eta Mario San Roman izango dira Beitiaren aurkariak monoplazen sailean. Turismoetan, Bruno Scherer eta Alberdi fabotiro nagusiez gain, Ibon Otaegi azpeitiarra eta Lucas Scherer –BMW M3 E46 banarekin–, Gurutz Agirretxe errezildarra (BMW 1M), Lebeiti (Renault Clio N5), Petre Marius (Opel Astra TCR), Aitor Zabaleta Jr. (BMW 330i), Iker Etxeberria (BMW M3) eta Ibon Beitia azkoitiarra (BMW E30) aipatu zituzten atzo antolatzaileek podiumeko borrokarako.
Alberdi, bi Beitiak, Otaegi eta Agirretxe dira Urrakin lehiatuko diren bailarako hamazazpi pilotuetako bost. Gaizka Segurola, Aratz Buldain, Eneko Alkorta, Gari Zubizarreta, Iosu Alberdi, Imanol Zabala eta Eneko Olaizola azpeitiarrak, Asier Aldalur, Joseba Aldaia eta Egoitz Lizarralde azkoitiarrak, Enaitz Etxeberria urrestildarra eta aurten bigarrengoz lehiatuko den Maria Aranberri nuarbetarra dira beste hamabiak; Aranberri eta Monika Muñoz dira igandean Urrakin lehiatuko diren emakume bakarrak.
Egiaztapenak, zapatuan
Lasterketa igande goizean jokatuko dute, baina Urrakiko Igoeraren giroa bezperatik antzemango da Epaitegien plazan. Izan ere, ohi dutenez, han elkartuko dira parte hartzaile guztiak eta beren autoak, egiaztapen teknikoak egiteko; egiaztapen administratiboak, berriz, Garoa tabernan egingo dituzte aurten ere.
15:00etan hasiko dira aipatutako egiaztapenak egiten Epaitegien plazan.