Atzoz geroztik XIV. Tuba Jaialdian murgilduta izan da herria. Atzo ekin zioten egitarauari, eta gaur, larunbatez, egun osoan zehar izan dira jaialdiari lotutako jarduerak. Goizean, 09:15ean hasita, beroketa saioa egin dute Lluis Verderekin, eta 10:00etatik 13:00etara artean, entseguak izan dira. Goizean zehar, gainera, Wup Luthier zerbitzua izan da musikarientzako –konponketa txikiak eta ajusteak–, eta ondoren, hamaiketakoa egin dute Arauntza elkartean.
Arratsaldean jarraitu dute egitarauarekin: 15:00etan, entsegu orokorra egin dute, eta 18:30ean hasita, Tuba zirkoan izeneko emanaldi "berezia" eta "dibertigarria" izan da Soreasu antzokian, Tutik Clowns konpainiaren eskutik. Hain zuzen ere, tubaren doinuak eta zirkua uztartu dituzte ikuskizunean. Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek gidatu dute saioa, eta zirkuko irudiak proiektatu dituzte oholtzan kokatutako pantailan. Hainbat herritar bertaratu dira saioa ikustera.