Jendetza bildu da Mendietxe museoaren inaugurazio ekitaldian

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2024ko aza. 5a, 13:14

Politika, enpresa eta gizarte zein kultur arloko aurpegi ezagunen parte hartzearekin inauguratu zuten atzo arratsaldean, astelehena, Mendietxe museoa. Alex Txikon alpinistak bultzatu du proiektua, eta Soraluze sendiarekin izan duen lankidetzaren emaitza da ehunka pieza eta material biltzen dituen museoa.

Atzo, astelehena, ireki zituen ateak Mendietxe museoak, Esklaben ekialdeko hegalean. Goizean, irekiera ekitaldia egin zuten, eta arratsaldean, politika, enpresa, gizarte eta kultur arloko aurpegi ezagunen parte hartzearekin inauguratu zuten gunea. Besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Antonio Garamendi CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko presidentea, Alex Txikon alpinista, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz bestelako erakunde publikoetako ordezkariak eta Soraluze familiako kideak izan ziren Esklabetako elizan egin zuten inaugurazio ekitaldian.

Norbanako eta erakundeetako ordezkari horiek guztiek hitz egin zuten komentua goraino bete zuten gonbidatuen aurrean. Aurreskuarekin ireki zuten ekitaldia, eta segidan, Ainhoa Lendinez kazetariak hartu zuen hitza, hark zuzendu zuen-eta ekitaldia. Berehala, baina, Txikoni eman zion pasoa, eta hark hasteko, Valentziako (Herrialde Katalanak) gertakariak izan zituen gogoan; guztiak zutik jarrita, minutuko isilunea egin zuten. Proiektuari buruz hizketan hasi zen gero alpinista, eta lehenik eta behin proiektua babestu duten guztien zerrenda irakurri zuen; zerrenda luzea inondik inora ere, ez baitzuen inorekin ahazterik nahi izan Azpeitiko bizilagunak.

Alpinismoari "balioa" eman nahi dio Txikonek Mendietxe museoaren bitartez. Alpinista bera buru duen Mendiaren Etxea elkarteak bultzatu du proiektua, eta besteak beste, Soraluze sendiarekin izan duen hartu-emanetik sortu den emaitza da museoa; izan ere, familia horrena da museoa zabaldu duten Esklabetako eraikina. Mendietxe museoa mendizaletasunaren historiari buruzko baliabide didaktiko eta dibulgatzaile gisa jaio da, eta museoa Izarraitz mendikatearen azpian ireki izana ere goretsi zuen Txikonek. Euskal gizartearentzat alpinismoak "pisu handia" izan duela adierazi zuen hark. "Mendia, mendizaletasuna, euskal kulturaren parte da", nabarmendu zuen Txikonek.

Soraluze familiako Mikel Soraluzek, bestalde, museoa nola jaio den azaldu zuen. 1998an eskuratu zuen Soraluze familiak Esklabetako eraikina, eta orduz geroztik, haiek kudeatzen dute gunea. Dena den, sendiak Txikon alpinistari utzia zion komentuko lokaletako bat, hark pilatuta zuen mendiko materiala bertan gorde zezan. Beroaldi batean, ordea, material hori guztia beheko lokaletako batera jaitsi behar zutela hitz egin zuten Txikonek eta biek. Ordea, alpinista urtarrilean Annapurna menditik itzuli zenean ekin zioten proiektuari, orduan erabaki zuten-eta martxan hastea. "Paretak botaz, logelak kenduz, desorduetan lan eginez... Alex horrelakoa da: zerbaiti ekiten dionean, ez da gelditzen", azaldu zuen Soraluzek.

Ondareari garrantzia eman nahi izan dio Soraluze sendiak. "Familia enpresa bat gara, eta guretzat garrantzitsua da ondarea; gerorako zerbait utzi beharra sentitu dugu. Azpeitian daude gure familia, gure enpresak eta gure bihotza, eta zerbait egin nahi genuen herrirako". Orain, "aurrerapauso bat eman" dutela azaldu zuen Soraluzek, eta "iraungo duen proiektu bat" sortu dute. Gainera, eraikinak "gehiago betetzeko aukera" ematen duela adierazi zuen hark, eta horregatik, jendeari nahiz erakundeei kolaboratzeko eskatu zien hark.

Erakundeak, atzo alboan

Proiektuaren sustatzaileez gain, atzoko inaugurazioan erakunde publikoetako eta enpresetako ordezkariak ere bidelagun izan zituen Txikonek. Alpinistaren alboan izatea "garrantzitsua" dela adieraziz hasi zuen hitzartzea, besteak beste, Garamendik. Haren arabera, museoa "garrantzitsua" izango da Gipuzkoarentzat, eta, oro har, Azpeitiarentzat. Txikonekin duen adiskidetasunak bultzatuta izan zen Garamendi atzo Azpeitian. Alpinistak duen "solidaritatea" ere azpimarratu zuen: "Mendi gain asko egin ditu Alexek; batzuetan lortu du goraino iristea, eta beste batzuetan ez. Dena den, kontuan izan behar da sarritan beste pertsona batzuei lagundu ahal izateko egin diola uko gaina egiteari, eta bide batez, arrakasta izateari. Euskaldunok etxean ikasi dugun jarrera da hori, eta Alex ere jarrera horrek egiten du lider, mendiko liderretako bat".

Txikonek duen ameslari izaeraz aritu zen ondoren Garamendi, eta alpinistak bete gabe duen ametsetako baten berri eman zuen jendaurrean: "Alexek Himalaiara igo nahi du neguan eta oxigenorik gabe. Behin, Txinak Espainian duen enbaxadako ordezkariekin bildu ginen, eta Alexek haiei esan zien Himalaiara Txinako aldetik igo nahi duela, igoera egiteko dagoen biderik gaiztoenetik, alegia. Txundituta gelditu ziren enbaxadakoak hura entzunda, eta, nola ez, ez zioten baimenik eman. Alex ezagututa, ordea, badakit noizbait lortuko duela amets hori".

Alkorta alkatea izan zen hitza hartzen hurrengoa. Azpeitiko herriaren izenak mendiarekin duen lotura azaldu zuen hark aurrena. "Azpeitia mendiz inguratuta dago, eta izena bera ere mendiari dago lotuta: haitzaren azpitik dagoelako du herri honek Azpeitia izena. Haitzen azpitik dagoen leku honetan alpinista asko ezagutu ditugu, eta Alex bera ere azpeitiar egin dugu. Asko maite dugu mendia, eta udalarentzat garrantzitsua da bai Alexek, bai Soraluze familiak horrelako museoa eduki ahal izateko egin duten lana", esan zuen. Izarraitzen magalean halako museo bat edukitzea "pozgarria" da alkatearentzat. "Munduko mendizaletasuna ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, ia 80 urte bete dituen Lagun Onak Mendi Bazkuna ezagutzeko aukera izango dugu museoan, baita azpeitiar mendizaleak ere, horiek beraien txoko propioa izango dute eta".

Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, berriz, Azpeitiak, Euskal Herri guztiak bezala, duen mendizaletasun sena nabarmendu zuen aurrena. "Guztiok aitortzen dugu mendia dela gure hizkuntzaren, gure kulturaren eta gure ohituren gordailua. Atzerriko mendietara joaten garenean ez dugu mendia igotzea bakarrik pentsatzen; hango herriei, hango kulturei eta hango hizkuntza gutxituei ere balioa ematen diegu euskaldunok". Mendiak herritarrak "eskuzabal" hartzen dituela azpimarratu zuen Arrutik, eta hura zaintzen duten baserritarrak, artzainak eta abeltzainak izan zituen gogoan. "Gizarte honi dagokio mendian bizi eta lan egin duen jendeari lan eta bizi baldintza duinak eskaintzea".

Museoan, askotariko bilduma

Ekitaldia amaitzeko, Txikonek proiektuaren berri eman zuen; alegia, museoan zer aurki daitekeen azaldu zuen labur-labur. "Museoan pieza asko eta asko daude, bilduma ugari ikus daitezke. Bihotzetik egindako museoa da, hemen betirako egon nahi duena". Hain justu, museoak hiru zati dituela adierazi zuen alpinistak. Gela nagusian, mendizaletasuna nola garatu den erakusten duen atzera begirakoa kokatu dute, eta bertan, hainbat objekturen bilduma ikus daiteke, hala nola eskiak, botak, lerak eta pioletak. Areto horri lotutako gelatxo batean, berriz, Txikonen bilduma pribatua ikus daiteke, hark espedizioetan erabilitako artikuluez eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideen piezez osatua. Hirugarren galeria batean, azkenik, munduko hainbat ekosistema ezagutu daitezke, Ramon Garoz taxidermistak egindako animalien bidez.

Hitzartzeak amaituta, elizan bildutakoak segizioan joan ziren museo barrura, eta han Txikonen azalpenak entzun zituzten gonbidatuek. Hain zuzen, museoaren aurreko galeriak, gelak eta areto nagusia bisitatu zituzten alpinistak azalpenak ematen zituen bitartean. Jendea gustura atera zen museotik, eta Txikon bera ere pozik agertu zen museoa inauguratu berritan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide