Aurrekontu parte hartzaileak osatzeko gaur Oñatzen egitekoak ziren bilera, bertan behera

Julene Frantzesena 2024ko aza. 6a, 08:00

Oñazko baseliza.

Dena den, udal ordezkariak Alde Zaharreko eta Lasaoko bizilagunekin elkartuko dira gaur, haiek 2025eko aurrekontuetarako dituzten proposamenak jasotzeko. Gaur egingo dituzte parte hartze prozesuko lehen bilerak.

Datorren urteko aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua martxan jarria du dagoeneko udalak, eta gaur hasiko da erakundea auzoz auzo bilerak egiten. Dena den, "azken orduko arrazoiak tarteko", bertan behera utzi dute gaur iluntzean Oñatz auzoan egitekoak ziren bilkura. Udalak zehaztu duenez, aurrerago zehaztuko dute data berria.

Oñazko bilera bertan behera gelditu bada ere, Alde Zaharrekoa eta Lasaokoa gaur egingo dituzte. 19:00etan izango dira biak, Basazabalen eta auzo lokalean, hurrenez hurren. Hurrengo bilerak, berriz, datozen egunetan egingo dituzte Loiolan, Elosiagan, Urrestillan, Matxinbentan, Nuarben eta Landetan. Egutegia honako lotura honetan ikus daiteke.

Aurrekontuetarako herritarrek dituzten ekarpenak jasotzeko hiru bide ireki ditu udalak: aurrez aurreko bilerak, hainbat gunetan jarriko dituzten buzoiak eta azpeitia.eus udal webguneko Gardentasun atala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide