2025eko Arkupehotsak martxan jarri du Kulturazek. Atzo ireki zuen kultur kooperatibak "musika sortzaile berrien plaza" izateko sortutako egitasmoaren zazpigarren aldirako izen ematea. Abenduaren 16ra arteko epea dute 2025eko Arkupehotsaken parte hartu nahi dutenek izena emateko, Kulturazek sarean jarri duen formulario hau beteta.
Musikaren eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea, eta sortutakoa zein ikasitakoa plazaratzea da Arkupehotsakek musikari zein musika proiektu berriei eskaintzen dienaren xedea. Hori gauzatzeko, azken edizioetan egin duen gisan, Kulturazek formazio teknikoa, artistikoa eta kontzertu bat eskaintzeko aukera eskainiko die hautatzen dituzten sortzaileei. "Musikari berrien plaza izateaz gain, sormen prozesuaren fase guztiak sustatzea da xedea. Horretarako, aukeratuak diren taldeek Dinamoa sormen guneko Soinuaren eremua erabiltzeko aukera izango dute, entseguak egin eta zuzenekoa prestatzeko. Gainera, talde guztiek formakuntza saioak jasoko dituzte, teknikoa zein artistikoa. Azkenik, emanaldia eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Egonaldiak zein kontzertuak argazkiz erregistratuko dira", zehaztu du deialdian Kulturazek.
Udaberrian, denak batera
2025eko edizioak badu berrikuntza nabarmena ere. Orain arteko edizioetan, banaka eman izan dituzte kontzertuak Sanagustinen Arkupehotsaken parte hartu izan duten taldeek; hain zuzen ere, joan den igandean eman zuen Kulatak aurtengoaren azken kontzertua kulturgunean. Datorren urtean, ordea, egun bakarrean egingo dituzte emanaldi guztiak. Udaberrian izango da hori, baina eguna aurrerago jakinaraziko dute.