Liburu berria plazaratu du Garbiñe Larreak. Sendabelarrak eta horien gaineko Larrearen jakintza daude oraingoan ere argitalpenaren oinarrian, baina arlo zehatz bati lotuta, kosmetikari.
Azpeitiko bizilagunak atzo aurkeztu zuen, Donostian, Kosmetikoak sendabelarrekin; bere hirugarren liburua da, eta aurreko biak bezala –Sendabelarrek dakitena eta Sendabelar baratzea–, Argiarekin argitaratu du azken lana Larreak. Izenburuak iradoki bezala, azala garbitzeko eta zaintzeko hainbat produktu osagai naturalekin nola egin erakustea du xede argitalpenak, eta kosmetika produktuak erosterakoan kontuan hartu beharreko irizpideak ere jaso ditu egileak. Larreak kosmetika industrialak pertsonen osasunean zein ingurumenean sortzen dituen arazoez ohartarazi du aurkezpenean. Haren esanetan, "azala garbitzeko eta zaintzeko oso produktu gutxi" behar dira, eta "bost sendabelarrekin egin dezakegu kosmetika on bat".
Argiaren webgunean eros daiteke dagoeneko Larrearen liburu berria; Maitane Gartziandiarenak dira liburuaren azala eta diseinua, eta Ibai Arrietarenak argazkiak. Atzoko lehen aurkezpenaren ondotik, Orion (azaroaren 14an), Zestoan (azaroaren 26an) eta Durangoko Azokan (abenduaren 7an) ere egingo ditu lan berriaren aurkezpenak Larreak.