San Silbestre lasterketaren aurtengo ediziorako dortsal guztiak agortu dira dagoeneko. Proba horren 23. aldia izango da aurtengoa, eta bost egunetan agortu dira lasterketa nagusirako dortsal denak –mila atera zituzten–. Antolatzaileek azaldu dutenez, gaur goizean banatu dituzte azken aleak. Horrenbestez, dagoeneko itxita dago abenduaren 31n egingo den sei kilometroko proban izena emateko epea.
Dena den, 12 urtetik gorako herritarrei zuzendutako hiru kilometroko probarako dortsalak eskuragarri daude oraindik ere. Egun horretan bertan egingo dute, 11:30ean hasita, eta honako lotura honetan eman daiteke lasterketa laburrerako izena. Gainera, lasterketa inklusiboa ere egingo dute, 300 metrokoa, 11:00etan hasita. Bi proba horiek bukatzean, 12:00etan, ekingo diote dortsala eskuratu duten mila lasterkariek proba nagusiari.