Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta egun horren atarian Belaunaldien arteko autodefentsa feminista deituriko ikastaroa antolatu du Azpeitiko Emakumeen Txokoak. Antolatzaileen arabera, berrikuntza bat izango du ikastaroak, askotariko belaunaldiak elkartuko dituen autodefentsa feminista saioa izango baita.
"Indarkeria matxistak emakume guztiak kolpatzen ditu, berdin du adina. Horregatik, ezinbestekoa da berdinen arteko aliantzak sortzearekin batera belaunaldien artekoak ere sustatzea", adierazi dute Emakumeen Txokoan. Hori horrela, alaba, ama zein amona oro ikastaroan parte hartzera gonbidatu dute, "emakumeen arteko lankidetza sustatzeko, indarkeria matxista identifikatzen ikasteko eta horri aurre egiteko estrategia kolektiboak diseinatzeko" balioko dielako.
Ikastaroa azaroaren 23an, larunbatez, egingo dute, 10:30etik 14:30era, Emakumeen Txokoan. Saioa euskaraz izango da, eta Esther Lopez Bilboko Safo eskolako autodefentsa feminista irakaslea arduratuko da hura dinamizatzeaz. Doakoa izango den arren aurrez izena eman beharko da Emakumeen Txokoan bertan edo 688 75 10 00 telefonora deituta. Azaroaren 19a, asteartea, izango da horretarako azken eguna.