Joan den asteko irekiera ekitaldien ondoren, zer egun eta ordutan irekita egongo den eta sarreren prezioak jakinarazi ditu Mendietxe museoak.
Mendizaletasunari eskainita Esklabetan ireki duten gune berriak asteazkenetik igandera irekiko ditu ateak astero, eta hiru ordutegi desberdin izango ditu, egunen arabera. Horrela, asteazkenetan eta ostegunetan arratsaldez izango da Mendietxe bisitatzeko aukera, 15:30etik 19:30era; ostiraletan eta zapatuetan, berriz, goizez eta arratsaldez irekiko dute museoa, 11:30etik 19:30era; eta igandeetan, azkenik, 11:30etik 15:00etara.
Sarreren prezioei dagokienez, 6 urte arteko haurrek ez dute ordaindu beharrik izango. 6 eta 16 urte arteko haurrentzako eta nerabeentzako txartelak 6 eurotan salduko dituzte, 16 eta 65 urte artekoentzakoak 8 eurotan, eta 65 urtetik gorakoena izango da sarrerarik merkeena, 5 eurokoa.