Irudhitzen lehiaketaren VIII. edizioa

Oier Etxeberria da aurtengo Irudhitzen lehiaketaren testuen ataleko irabazlea

Erredakzioa 2024ko aza. 15a, 16:09

Abenduaren 12an zabalduko du Gukak aurtengo lehiaketara aurkeztutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa. Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai, abenduaren 20ra arte.

Oier Etxeberria izan da Gukak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren zortzigarren edizioaren irabazlea. 2025. urteko egutegia osatzeko bidean, Gukak argazkien atala jarri zuen abian, eta Eneritz Otaegiren irudia izan zen argazki irabazlea.

Ondoren, argazki horiei hitzak jartzeko lehiaketa egin zuen Gukak, eta Miren Puertas, Aitor Arizmendi, Oier Etxeberria, Ane Goenaga, Joanes Karrera, Mikel Martinez, Jone Mendizabal, Enara Ansorregi, Amets Garitaonandia, Xuban Arandia eta Ane Mendoza herritarren lanak aukeratu ditu egutegian argitaratzeko. Argitaratutako hamabi lanetatik Oier Etxeberriaren testua izan da irabazlea, Leire Ibargurenek, Anartz Izagirrek eta Maider Egigurenek osatutako epaimahaiak hala erabakita.

Etxeberriak argazki irabazleari jarri zion testua, eta honako hau da idatzitako testua:

Munstroak uxatzeko,

azala izaren

azpian gordetzea

nola babesa den;

oraindik zapatarik

urratu ezaren

balantzarekin ea

oinez hasten zaren.

Banaketa eta erakusketa

Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudi eta testurekin osatutako 2025eko egutegi hori abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute Azpeitia Gukaren bazkideek. Erakusketa, berriz, abenduaren 12an zabalduko du Gukak, 18:00etan, eta bertan egingo du sari banaketa. Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai aurtengo lehiaketara aurkeztutako irudiak eta testuak, abenduaren 20ra arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide