Bertan behera utzi dituzte Guraso Eskoletako astearteko saioa eta Energia Argitu programako tailerra

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 16a, 10:02

Aurtengo Guraso Eskolen lehen txandako saio bat, Azoka Plazan. (Azpeitiko Udala)

Aldundiaren Treba Gurasoak programaren barruko hitzaldia "aldundiari dagozkion arrazoiengatik" gelditu da bertan behera; etxean energia aurreztearen gaineko tailerra, berriz, talde osatu ez delako.

Datorren asterako Guraso Eskolen zein Energia Argitu programaren barruan iragarrita zeuden hitzorduak bertan behera utzi dituztela jakinarazi du udalak.

Udalak berak antolatutako Guraso Eskolen bigarren hitzaldi sortaren barruko bigarren hitzaldia, Anai-arreben arteko gatazkak nola kudeatu izenekoa, ematekoa zen Mireia Centeno datorren asteartean, hilaren 19an, Basazabalen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak programaren barruko saio hori, ordea, ez dute egingo, "aldundiari dagozkion arrazoiengatik", udalak jakinarazi duenez.

Aldundiaren beste egitasmoa baten barruko ekintza da bertan behera gelditu den bestea ere. Energia Argitu programaren barruan, Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe tailerra ematekoak ziren asteazken arratsaldean Basazabalen, baina saioa egin ahal izateko gutxieneko lagun kopurura ez dira iritsi eta, beraz, ez dute egingo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide