Guraso Eskoletako bigarren hitzaldi sorta izango da azaroan

Julene Frantzesena 2024ko aza. 7a, 08:46

Guraso Eskoletako saio bateko irudia.

Familia barruko harremanak izango dituzte hizketagai, hau da, gurasoen eta seme-alaben artekoak. Datozen hiru astearteetan izango dira hitzorduak. Saioetan parte hartzeko komeni da aurrez izena ematea.

Pantailen zentzuzko erabileraren inguruko saioak bukatuta, familiako kideen arteko harremanez hiru saio eskainiko dituzte azaroan, Guraso Eskolen barruan. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak izango dituzte hizpide datozen asteetan. Janire Basurto psikologoak bi hitzaldi emango ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba programaren barruko saio batekin osatuko dute egitaraua.

Lehen saioa datorren asteartean izango da, Gurasoak seme-alaben bidelagun izenburupean. HHko eta LHko gurasoei, tutoreei eta hezitzaileei zuzendutako solasaldia Janire Basurtok eskainiko du. Bigarren saioa, berriz, hilaren 19an, asteartez, izango da, Treba Gurasoakeko Mireia Centenoren eskutik, Anai-arreben arteko gatazkak nola kudeatu izenburupean eta HHko eta LHko gurasoei, tutoreei eta hezitzaileei zuzenduta. Hirugarren eta azken hitzordua, berriz, azaroaren 26an egingo dute; Nerabezaroan gurasoak euskarri izenburupean eskainiko du Janire Basurtok DBHko gurasoei, tutoreei eta hezitzaileei zuzendutako saioa.

Hitzordu guztiak 18:00etan izango dira Basazabal jauregian. Doakoak izango dira saioak, eta parte hartzeko komeni da aurrez izena ematea honako formulario hau beteta. Gainera, saioetan Telegram bidezko itzulpen zerbitzua eskainiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide