Loreto Fernandez Imaz organista ezagunak gaur eman du bere ibilbide oparoko azken kontzertua, eta Azpeitiko parrokia izan da musikari donostiarraren jendaurreko azken portua.
Gipuzkoako 35. Organo Zikloaren barruko emanaldia izan da gaur eguerdikoa, eta lagunez eta mireslez osatutako ikus-entzulegoaren aurrean aritu da Fernandez Soreasuko Sebastian Donearen elizan. Erretiroa hartu aurreko azken kontzertuan, Itziar Urbieta organo jotzaile azpeitiarra, kidea eta laguna, izan du laguntzaile lanetan Fernandez Imazek. Errepertorioan, berriz, egile alemaniarrak nagusi izan dira. Bere maisu izandako Michael Radulescu zenaren omenez aritu da agurrekoan organista donostiarra.