Azaroaren 25a

Hainbat ekintza prestatu ditu Urola Erdiko Itaiak Azaroaren 25aren bueltan

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 18a, 10:15

Indarkeria matxistaren aurka Itaiak Elizkalean egindako murala. (Maialen Etxaniz)

Ostiralean hitzaldia eskainiko dute Zestoan, eta matxismoa ukatzeak dituen ondorioak izango dituzte hizpide. Larunbatean egun osoko egitaraua egingo dute Azpeitian. Azaroaren 25ean hiru herritan deitu dituzte mobilizazioak. Azpeitikoa 19:00etan izango da. 

Urola Erdiko Itaiak prest ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatutako ekintzak. Azaroaren 25ean Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan deitu dituzte mobilizazioak, baina aurrez ere egingo dute ekintzarik. 

Ostiralean, azaroak 22, Zein dira indarkeria matxista ukatzearen ondorioak? izeneko hitzaldia eskainiko dute Zestoako Gaztetxean, 18:00etan hasita. 

Larunbatean, azaroak 23, Azpeitian elkartuko dira, eta hainbat ekintza egingo dituzte. 11:00etan hasita, autodefentsa saioa egingo dute Betharramen. Ondoren, 12:30ean hitzaldia izango da Azoka Plazan, Indarkeria matxistaren aurrean zer? izenburupean. "Arlo politikoa, juridikoa eta osasun arloa" jorratuko dituzte, besteak beste. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Bazkariak iraun bitartean, erakusketa jarriko dute, eskualdeko artisten lanekin. Bazkaritarako txartelak salgai daude dagoeneko Haginpe tabernan. Bertaratu ezin dutenek Itaiaren instagram kontura idatzi besterik ez dute. 

Azaroaren 25ean, Azpeitian, 19:00etan hasita egingo dute mobilizazioa, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean. 

Autodefentsa saioak

Autodefentsa saioek datozen asteetan ere jarraituko dute. Abenduaren 11n, otsailaren 5ean, martxoaren 12an, apirilaren 2an eta maiatzaren 7an egingo dituzte hurrengo saioak, Esklabetan. Horiek guztiak 18:00etan hasiko dira. Itaiako kideek jakinarazi dutenez, saioak ordu bat eta ordu bat eta erdi artekoak izango dira. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide