Euskal taldeen askotariko abestiak eskainiko dituzte musika eskolako ikasleek Santa Zezilia kontzertuan

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 18a, 17:30

Santa Zezilia kontzertu bateko artxibo irudia. (Mailo Oiarzabal)

Besteak beste, Zetak, ETS, Janus Lester, Neomak eta Katamalo musika taldeen abestiak eskainiko dituzte asteazkeneko kontzertuan. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta doakoa izango da.

Musikarien eguna izaten da azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna, eta urtero data horren bueltan egin ohi duten gisan, kontzertua eskainiko dute Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek. Aurten, asteazkenez, azaroaren 20an, eskainiko dute emanaldia, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian.

Emanaldiaren bereizgarri, euskal musika taldeen bertsioak eskainiko dituzte ordubete pasatxo iraungo duen kontzertuan. Besteak beste, Zetak, ETS, Janus Lester, Neomak eta Katamalo musika taldeen abestiak eskainiko dituzte, askotariko moldaketak eginez.

Juan Antxieta musika eskolako kideek azaldu dutenez, aurreko urteetan egin bezala, Gukaren Azpeitiarren doinuak sailetik aukeratutako abestiak ere eskainiko dituzte Santa Zezilia egunaren bueltako emanaldi berezian. Horien artean izango dira, Alberto Belokiren, Unai Frantsesenaren edota Alaitz Olaizolaren abesti gustukoenak. Orotara 150 pertsona inguru igoko dira oholtzara, antolatzaileek aurreratu dutenez.

Musika eskolako irakasleak eta ikasleak lan eta lan aritu dira azken asteotan jaialdia prestatzen, eta azken egun hauek ere horretan igaroko dituzte. Asteazkeneko hitzordua irekia eta doakoa izango da, eta nahi duen oro bertara daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide