Azaroaren 25a

Euskal Herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du azaroaren 25erako

Julene Frantzesena 2024ko aza. 20a, 08:03

Azaroaren 25 batez egindako protesta ekitaldi bateko irudia. (Amaia Urbieta)

18:00etan izango da elkarretaratzea, plazan, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean. Mugimendu Feministak azpimarratu duenez, herritar denek, bereziki gizonek, ardurak hartzeko garaia da, bortxa matxista guztiz zabalduta dagoelako jendartean.

Egun batzuk baino ez dira falta Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak protestara deitu du egun horretarako. Azpeitian ere jarri du mugimendu horrek denek ardurak hartzeko garaia dela aldarrikatzeko hitzordua; 18:00etan izango da elkarretaratzea, plazan, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean.

Mugimendu Feministak azpimarratu duenez, herritar denek –bereziki gizonek– ardurak hartzeko garaia da, eta asteleheneko protestetarako hautatu duten leloa ere ildo horretatik sortu dute. "Gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko; zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete".

Halaber, hedabideetan ere jarri dute arreta, batzuetan horiek emakumeei botatzen dietelako errua eta kasuen xehetasun "morbosoak" ematen dituztelako. "Babesteko izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko, gorputzak kontrolatzeko bidea ere badira".

Bortxa matxista jendartean guztiz zabalduta dagoela ere adierazi dute, "erabat normalizatuta" daudela "bortxaketak, beldurra, hilketak...". Horrek erro bakar bat duela esan dute: "Sistema heteropatriarkalak, kapitalistak eta kolonialak forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko".

Urteroko moduan, herrietako mobilizazioez gain, Euskal Herriko bost hiriburutan egingo dituzte manifestazioak: Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Baionan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide